Raul Garcia eta Ana Conde txapeldun Zumaiako II. Flysch Trail mendi lasterketan
Gizonezkoetan zein emakumezkoetan iazko markak ondu dituzte. Pedro Etxeberria eta Leire Atxutegi izan dira aurreneko zumaiarrak. Udalak aurki egingo du argazki bilduma, lasterkariek argazkiak deskargatu ahal ditzaten.
Goi mailako mendi lasterketa jokatu zen atzo (igandea) Zumaian. Iazko estreinako edizioa bikaina izan bazen, aurten beste koska bat egin du gora Zumaia Flysch Trailek. Batetik, parte-hartzaile kopurua antolatzaileek jarritako 400eko mugatik oso gertu egon delako: 360. Bestetik, iazko markak ondu dituztelako ia kategoria guztietan. Gizonezkoen lasterketan Aitor Osa lanak eman dizkio Europako txapeldun Raul Garciari.
Lasterketa abiadura bizian abiatu da eta laster jarri dira faboritoak buruan. Aitor Osa aurrean tiraka eta Raul Garcia nahiko gertu. Sakoneta parean biak ziren buruan, baina Mendata inguruan Aitorrek aurrera egitea erabaki du, Garcia atzean utziz. Zumaiara bidean, bi minutuko aldea ere izan du itziartarrak, baina Garcia ez da urduri jarri. Indarrak hobeto neurtu ditu eta Talaimendi iritsi baino lehen harrapatu du Osa. Azken igoeran aise egin du hanka Garciak, indarrez osoago iritsi dela agerian utziz. Helmugan, 1:51:44ko denbora egin du Raul Garciak, iaz berak ezarritako marka (1:54:31) onduz. Bigarren Aitor Osa helmugaratu da, hau ere iazko marka baino azkarrago: 1:53:32.
Argazkian, eskuinean, Ana Conde gasteiztarra Elorriaga parean.
Emakumezkoetan berriz, Ana Conde gasteiztarra izan da onena. Blanca Serrano Espainiako txapelduna zen faborito nagusia, baina Condek lasterketa bikaina egin du, indarra oso ondo neurtuz. Ibilbidea ez zuen ezagutzen, eta horregatik lehen kilometroetan atzean gelditu da, indarrak gordetzeko asmotan. Baina seigarren kilometrotik aurrera pixkanaka aurkari guztiak gainditu ditu eta lasterketa bikaina osatu du. Oihana Kortazarrek iaz egindako marka (2:22:18) ontzeko gauza izan da, gainera: 2:19:08. Bigarren Nerea Amilibia izan da eta Blanca Serrano hirugarren.
Zumaiarren artean, Pedro Etxeberria eta Leire Atxutegi izan dira onenak. Pedro zortzigarren izan da sailkapen nagusian (2:05:39) eta Euskadiko Kopako sailkapen nagusian hiru onenen artean segitzen du proba baten faltan.
Proba hasi aurretik omenaldia egin zioten Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Eizagirre mendizaleei eta Txikonek lasterketan parte hartu zuen.
Hiru mendizaleei aurreskua dantzatu zieten lasterketa hasi aurretik. Horrez gain, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak Keixetak diseinatutako garaikurra eskaini zien hirurei.
Argazkiak ikusgai
Zumaia Flysch Traileko antolatzaileek interneten jarri dituzte lasterketako argazkiak. Udalak aurki jarriko ditu probako irudiak bere webgunean lasterkariek argazkiek tamaina handian deskargatu ahal izateko.
Sailkapenak
Senior gizonezkoak
1. Raul Garcia (1:51:44)
2. Aitor Osa (1:53:32)
3. David Lopez (1:57:21)
Senior emakumezkoak
1. Ana Conde (2:19:08)
2. Nerea Amilibia (2:20:19)
3. Blanca Serrano (2:24:56)



