Saharako haurrei harrera egin die Udalak
Oporrak Bakean programari esker, harrera familietan eta Azpeitiko Ikasberri ikastolan kokatutako Bakeleku udalekuan igaroko dituzte bi hilabete Saharako 21 haurrek.
Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetatik urrun, Urola Kostan ari dira uda igarotzen hamarnaka haur saharar. Besteak beste, Oporrak Bakean programan parte hartzen duen Darahli elkartearen lanari esker iritsi dira eskualdera, eta bi hilabetez izango dira harrera familietan nahiz Azpeitiko Ikasberri ikastolan egiten ari diren Bakeleku udalekuan.
Udaletxeko pleno aretoan harrera egin diete gaur udal ordezkariek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Fronte Polisarioaren ordezkari Mujtar Leboihiri, Saharatik heldutako haurrei eta Darahliko kideei. Iñaki Ostolaza alkateak ongietorria eman die, eta saharar herriaren borrokarekiko elkartasuna adierazi du. Samuel Ruizek hartu du hitza Darahliren izenean, eta hark esan du Udalaren nahiz harrera familien borondaterik gabe ezinezkoa litzatekeela Oporrak Bakean programa gauzatzea. Leboihik ere esker hitzak izan ditu Udalarentzat, eta azkenik, haurrek motxila bana jaso dute oroigarri moduan.



