Salgai daude Jai Alai World Tour txapelketako partidetarako sarrerak

2019/09/04
Beste urte batez Jai Alai World Tourraren baitan zesta punta txapelketa jokatuko da Zumaian. Iraileko ostiral guztietan jokatuko dira zesta puntako partidak. Sarrerak Kiroldegiak salgai daude dagoeneko.

Zumaiako Kirol Elkartea eta Zumaiako Udalaren elkarlanari esker, Jai Alai World Tour zesta txapelketa zirkuituaren baitan zesta partidak egingo dira Zumaiako Aitzuri frontoian irailean zehar.

Mikel Egiguren Jai Aliveko ordezkariak, Iñaki Aizpurua Zumaiako Kirol Elkarteko ordezkariak, Arritxu Iribar kirol zinegotziak, Iñaki Ostolaza alkateak eta Cosme Agirre, Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea zesta puntalari zumaiarrek azaldu dituzte txapelketaren inguruko zehaztapenak, Villa Luzen egin den agerraldian.

"Maila handiko txapelketa"

Iñaki Ostolaza alkateak, Zumaiako Udalaren izenean, halako txapelketak antolatzearen “garrantzia” azpimarratu du agerraldian. “Bere momentuan frontoia egiteko ahalegina” egin ostean, honek “bizitza edukitzea garrantzitsua” dela zehaztu du. Udaran zehar egin den esku pilotako tornoaren ostean, “prestigio honetako txapelketa” Zumaian edukitzearen balioa nabarmendu du. Era berean, txapelketan hiru zumaiar egotea zesta puntaren esparruan egiten ari den “lan onaren erakusgarria” dela azaldu du.

Zentzu berean, Mikel Egiguren Jai Aliveko ordezkariak Zumaiako frontoia “eskola” bat izan dela azaldu du, “mundu mailan aritu diren” kirolariak sortu dituena. Txapelketa “maila handikoa” dela nabarmendu du, eta horren erakusgarri dela mundu mailan aritu diren eta ibilbide luzea duten Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea moduko kirolariak bertan egotea. Horrekin batera Cosme Agirre zumaiar gaztea “potentzialitate handiko” kirolaria dela azaldu eta “gazteei ateak irekitzearen” garrantzian egin du azpimarra.

Jai Alai World Tour txapelketaren partidak Zumaian

Hiru saio izango ditu txapelketak eta lehen bi saioetan final erdietara sailkatzeko partidak jokatuko dira:

  • Irailak 6, ostirala: Oiharan eta Minvill, Arbe eta Aimarren aurka.

  • Irailak 13, ostirala: Cosme Agirre zumaiarra eta Etxeto, Laduche eta Basque-ren aurka.

Partida horiek irabazten dituzten bikoteek finalerdiko saioan Egiguren eta Lopez zumaiarra, eta Goikoetxea zumaiarra eta Irastorza izango dituzte aurkari, irailaren 20ean jokatuko den finalerdiko saioan.

Final handia irailaren 27an jokatuko da eta EITBk zuzenean emitituko du partida.

Partidetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroren truke. Kiroldegian erosi ahal izango dira ostegunera arte; ostiraletan partiduaren aurretik Aitzuri frontoiko lehiatilan salduko dira sarrerak.

Gazteen arteko txapelketa

Jai Alai World Tour txapelketarekin batera, gazteen arteko txapelketa antolatzen ari direla aipatu du Iñaki Aizpurua Zumaiako Kirol Elkarteko ordezkariak. Laster zabalduko dira txapelketa horren inguruko zehaztapenak.