San Jose kalean eskailera berriak egokituko ditu Udalak

2010/10/29

Goiko eremua behekoarekin lotzeko pasabide berria eraikiko da esku-hartze honekin.

 

San Jose kalean eskailera berriak egokitzeko lanak abian jarriko ditu Udalak datozen asteotan. Lehendik eraikita dagoen maldan egokituko dira eskailera berriak eta San Jose kaleko goiko eremua behekoarekin lotzeko pasabide berria ahalbidetuko da era honetan. Exekuzio honekin hobetu egingo da neurri batean San Jose kaleko irisgarritasuna eta bizilagunek egin izan duten eskari bati erantzun ahal izango zaio.

San Jose kalerako plan berezia

Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “dena dela, auzo honek dituen gabeziei erantzuteko egin beharreko lanak, beste maila batekoak dira”. Eta hori dela eta, auzoak dituen arazoei konponbidea aurkitu ahal izateko, Udalak plan berezi bat idatziko du. Irailaren 30ean egin zen ohiko plenoan onartu zen plana garatu ahal izateko 24.000 euroko diru-izendapena. “Plan horren helburuak finkatu, beharrak identifikatu eta soluzioak zehazteko, auzotarrek izango dute zer esana, noski. Eta horregatik, plana auzotarren eskutik idatziko dugu”, dio Hirigintza zinegotziak.

Odietako urbanizazioa

Odietan eraikitzen ari diren etxebizitzen lanak ere aurrera doaz, eta inguru horretako kaleak ere berritu egingo dira, epe motzean. Zumaia Lantzenek egingo ditu lan horiek eta erakunde horren Administrazio Kontseiluan adostu bezala, urbanizazio lan horiek 600.000 euroko aurrekontua izango dutela aipatu du Etxanizek.