SAN JOSE KALEAN IGOGAILUA JARRI AHAL IZATEKO LURSAILA EROSI DU UDALAK

2016/12/12

Lur eremu horren erosketa ezinbesteko urratsa izan da proiektua bideratzen hasi ahal izateko, horrek ahalbidetuko baitu auzoan igogailua jarri ahal izatea. Proiektuaren idazketa 2017an jarriko da martxan arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa baten bitartez eta prozesu horretan herritarren iritziak ere aintzat hartuko dira behin betiko proiektu proposamena aukeratzeko. Proiektuaren helburua da San Jose auzoko irisgarritasuna eta bertako bizilagunen mugikortasuna erraztu eta hobetzea.

Zumaiako San Jose auzoak badu auzoko irisgarritasuna hobetzeko sortu eta onartutako Plan Berezia. Plan horrek 11 puntu edo ekintza aurreikusten ditu eta horien artean nagusi edo garrantzitsuena Eusebio Gurrutxaga eta San Juan egoitza artean igogailua jartzea da.

Igoigailuaren proiektuak, ordea, geldirik daramatza zenbait urte eta hori horrela izanik, udal gobernuak, hauteskunde programari helduz eta emandako hitza betez, proiektu hori berriro ere martxan jarri eta eta aipatutako eremuan igogailua jarri ahal izateko ezinbestekoa den lursaila erosi du. Horretarako 271.797,70€ bideratu ditu eta, horri esker, orain lurraren jabetza Udalari dagokio. Ondorioz, abian jarri ahal izango du azkenean proiektuaren idazketa prozesua.

Idazketa garatzeko ideia lehiaketa eta herritarren partaidetza

Igogailuaren proiektua 2017an hastea aurreikusi du Udalak. Horretarako, lehenik eta behin proiektuaren idazketa prozesua jarriko du martxan eta hori arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa bidez egingo du.

Horrela, Udalak proposamen batzuk jasoko ditu eta horiek guztiak herritarrei aurkeztuko dizkio, haiek, boto bidez, egokiena eta gustukoena dutena aukera dezaten. Boto horiek aintzat hartuko dira, proposamenaren bideragarritasun eta beste hainbat irizpiderekin batera, behin betiko proposamena aukeratzeko.

Proiektu horren bitartez, San Jose auzoko irisgarritasuna hobetu eta bertako bizilagunen mugikortasuna erraztea du helburu Udalak, betiere, guztien beharretara egokitutako herri irisgarri eta atseginagoa eraikitzeko.