San Telmo jaiei agur, datorren urtera arte
Jendetza ibili da Zumaian santelmoen bigarren asteburuan ere. Atzo jokatu zen trainerilen estropadan Castro izan zen garailea. Udalak aurki argitaratuko du santelmotako argazki bilduma webgune honetan.
Gauerdian agurtu zituzten zumaiarrek aurtengo San Telmo jaiak. Iragan den asteburuan eta aurrekoan nahikoa festa eta parranda egin ostean, bukatu dira festak. Ekitaldiak arrakastatsuak izan dira bai lehenengo asteburuan eta baita bigarrengoan ere. Eguraldia lagun izan da eta festarako giroa aparta.
Ostiralean estreinatu zuen Aita Mari zineman Itzurungo uhinak antzerki taldeak ‘Zer diyon’ obra eta sarrera guztiak agortu ondoren, atzo (igandea) beste emanaldi bat eskaini zuten Aita Marin bertan. Horrekin batera, bertso jaia, xisterazko lehiaketa eta kontzertuak izan ziren ostiralean.
Larunbatean jokatu ziren plaierotako Ligako eta Kopako finalak Itzurun hondartzan. Ligako partidan Getariako Indaux taldea nagusitu zen Nosoluxion taldearen aurka, eta Kopako ligaxkan, berriz, Harai S.L. taldea nagusitu da, Muebles Artetxe taldeari berdinketaren osteko penaltietan irabazi ondoren. Horrekin batera, Torreberrin ospatu zen santelmotan ohiko bihurtu den Olarro Zopa lehiaketa, eta eguerdi partean, bazkaria izan zen txosnetan, bazkalostea Sunbillako kantu herrikoiek alaituta. Iluntzean diskoteka izan zen kofradian eta txosnetan, berriz, kontzertuak.
Argazkian, atzo arratsaldean jokatu zuten trainerilen txapelketan parte hartu zuten Zumaiako bi taldeak lehian.
Castro garaile trainerilen txapelketan
Atzokoa, igandea, izan zen aurtengo jaien azkeneko eguna eta goizean hasi ziren ekitaldiak. Itzurun hondartzan zaldi lasterketa ikusgarria jokatu zuten eta jende ugari bildu zen proba ikustera. Arratsalde partean, berriz, XXVII. San Telmo Saria jokatu zuten trainerillek, eta guztien artean, Castro gailendu zen. Bigarrena Orio izan zen, hirugarren Hondarribia sailkatu zen, eta bosgarren eta seigarren geratu ziren Zumaiako B eta A taldeak, hurrenez hurren. Nahikoa festa egin ondoren, gauerdian egin zuten bandera jaitsiera eta ekitaldiarekin batera, agur esan diete zumaiarrek aurtengo San Telmo jaiei.



