Sanpedroak antolatzeko bilera irekia egingo da ostiralean udaletxean
Sanpedroez gain, udan zehar egingo diren asmo eta proposamenak ere jaso nahi ditu Udaleko Kultura sailak bilera honetan.
Udaberri bete betean gaude, eta konturatzerako San Pedro jaiak gainean ditugu. Aurtengoan jaiegunak ekainaren 26tik 29ra ospatuko dira eta ildo horretatik Udaleko Kultura sailak dei berezia egin die herritarrei: “Jaiak antolatzeko lanetan ari garen honetan, bilera batera dei egiten dizuegu, zuen elkarte, talde edo ingurunean sor daitezkeen proposamenak aurkez ditzazuen”. Bilera, ostiral honetan (maiatzaren 14an) egingo da udaletxean, 19:00etan hasita. Sanpedroez gain, udan zehar egingo diren asmo eta proposamenak ere jaso nahi dituzte bilera honetan.
Dagoeneko egitaraua lantzen hasita direnei, berriz, edozein proposamen aurkeztu nahi ezkero, edo aurrez aurkezteko premia ikusiz gero, kultur etxeko bulegora zuzentzeko gonbitea luzatu diete Kultura sailekoek (943 861056 / foronda@zumaia.net)
“Gure artean izango zaituztegulakoan, eta elkarlanean egitarau aberats bat osatuko dugularen itxaropenez, ordura arte”, dei egin dute antolatzaileek.



