Santelmoak bizi askatasunez eta euskaraz
Udalak edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia egitearekin batera, herritarrei santelmoak askatasunez eta euskaraz gozatzeko dei egiten die
Santelmo festak ondo pasatzea desio die Udalak herritar guztiei; era berean, gogoan ditu egun hauetan herrian ez daudenak. Festak ondo pasatu eta gozatzeko dira, eta datozen egunetarako hainbat ekitaldi eta ekimen antolatu dira. Beraz, arrantzale jantzia atera armairutik, jantzi zapia lepoan eta gozatu kalean.
Hona hemen egitaraua.
Askatasunez gozatu
Festak askatasun osoz ospatzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei. Zumaiako jendartean aniztasuna da nagusi, eta Udalak aniztasun horretan sinesten du. Hori dela eta, arraza, erlijio, aukera sexual, eraso sexista zein beste edozein dela arrazoia egindako erasorik ez du onartzen. Zumaiako Udala eraso guztien aurka dago, eta eraso guztien aurrean tinko azalduko da. Herritarrei ere gauza bera eskatzen die. Edozein eraso dela ere, honako telefonoetara dei dezakete herritarrek:
Larrialdiak: 112
Udaltzaingoa: 943 14 32 32
Ertzaintza: 943 00 51 15
Foru Aldundiko gizarte larrialdiak: 943 22 44 11
Udaleko Berdintasun Saila: 943 86 10 56
Udaleko Gizarte Zebitzuak: 943 86 22 00
Gozatu euskaraz
Zumaiako Udalak euskararen aldeko apustu sendoa aspaldi egin zuen. Besteak beste, urtero antolatu ohi du euskararen astea. Baina aste horretatik harago, etxean nahiz kalean, lagunekin zein ezezagunekin, egunekotasunean zein festetan euskaraz egiteko gonbita egiten die Udalak zumaiarrei. Iazko abenduan herriko talde askoren argazkiak bildu zituen euskara departamentuak ‘Euskaraz bizi nahi dut’ aldarriarekin. Konpromiso hori santelmoetan ere kaleetara eramateko dei egiten du Udalak.
‘Euskaraz bizi nahi dut’ lema dun bandera eskuratu nahi duenak salgai ditu turismo bulegoan 3 euroren truke. Pegatina batzuk ere banatuko dira festak dirauten bitartean kaleetan.
Izan arduratsu
Jai giroan ere arduraz jokatzea nahi du Udalak. Errespetuz besteekiko, eta errespetuz naturarekiko. Hondakin gutxiago sortu asmoz, tabernariak lagun, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia egiten du Udalak. Beraz, festetan ere hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko kontzientzia aktibo mantendu. Edalontziak euro baten truke eskuratu ahal izango dira ondorengo taberna hauetan:
Leize, Txikixa, Kresala, Ihintza, Nikol, Ganbara, Itzurun, Tximista, Justa, Inper, Kalari, Metro, Zalla, Gure Txokoa, Goiko, Algorri.
Edalontzia itzuliz gero dirua itzuliko da.
Ondo pasatu festak!



