Santiago hondartzako komun publikoak eta aldagelak egokitzeko lanak hastear dira
Lanak hamabi asteren buruan amaitzea espero da. Ingurua hesituta, berehala ekingo die lanei Iparragire Eraikuntza Lanak enpresak.
Hastear dira Santiago hondartzako komun eta dutxa publikoak egokitzeko lanak. Dagoeneko hesitu dute eremua, eta datozen hamabi astetan egingo ditu lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak, 243.573,00 euroko aurrekontuarekin.
Zumaiako Udalak komun eta dutxa publikoetarako eremu zentrala martxan jarri ahal izango du lan hauen bidez, eta aurreikusitako biltegi-espazioa erabili ahal izango da. Etorkizunean eraikinaren ezkerreko aldean aldagela eremu bat egokitzeko prest utziko dute, gainera.
2018an LKS Ingeniaritza Kooperatibak Zumaiako Santiago Hondartzako Zerbitzu Eraikinaren Proiektua garatu zuen, Santiago Hondartzaren Ingurumena Berreskuratzeko Proiektuaren zati gisa. Hurrengo urteetan, proiektua berrikusi egin zen, eta, 2020an, bertsio eguneratu bat formalizatu zen. Horri esker, 2021ean Zumaiako Udalak eraikinaren zati bat gaitu zuen, eta sorosleen gunearen barruko lanak egin zituen. Lan horien jarraipena da hasi berri duten obra.
Lan hauek egiteko Europar Batasunetik 128.364,28 € jaso dira Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez. Jarduerak 050 zigilua dauka: Natura eta biodibertsitatea babestea, ondarea eta baliabide naturalak, azpiegitura berdeak eta urdinak. Horrek %40ko klima-ekarpena eta %100eko ingurumen-ekarpena dakar.




