Santiagoko hondartzaren egokitzapen eta berritze lanak datorren astean hasiko dira

2018/05/11

Horiek 6 hilabeteko iraupena izango dute, eta lanak egin bitartean hondartza zabalik mantenduko den arren, ohiko sarrerak eta aparkalekua itxita egongo dira. Egokitzapen eta biziberritze lanek eremuko segurtasuna, irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetuko dituzte eta horretarako 1.139.215€ko inbertsioa egingo du Estatuko Kostetako Zuzendaritzak.

Itxaronaldi luzearen ostean, datorren astean hasiko dira azkenik Santiago hondartzako egokitu eta berritzeko lanak.

Horretarako ibilbideak, ordea, luze jo du. 2003-2007 legealdian hasita hainbat gora behera eta aldaketa jasan ditu proiektuak. Edonola ere, 2015eko urrian, udal gobernu berria Udalean sartu orduko, biziberritze proposamena aurkeztu zuen Madrilgo Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioan eta aipatu erakundeak begi onez jaso zuen proposamena. Horren ostean, LKS enpresak proiektua garatu eta 2016ko martxoan, proiektua aurkeztuta, Kostetako Zuzendaritza Nagusiaren onespena jaso zuen Udalak.

Horiek horrela, aipatu proiektua Estatuko aurrekontuen baitan txertatu da eta esleipen prezioari erreparatuz, 1.139.215€ko inbertsioa egingo du Kostetako Zuzendaritzak Santiago hondartza eta bertako eremua egokitu zein berritzeko.

Datorren astelehenetik hasita, beraz, 6 hilabeteko iraupena izango dute lanek; horrenbestez, urte amaierarako bukatuta izatea aurreikusi du Kostetako erakundeak.

Oharra

Lanek irauten duten bitartean hondartza irekita mantenduko den arren, zenbait aldaketa egongo dira, bereziki hondartzaren sarreretan.

Esate baterako, ohiko bi sarrerak itxita egongo dira, ondorioz, sarrera Zuloagatarren etxe atzealdetik buelta emanda edota txalupa zerbitzuaren bitartez egin beharko da.

Halaber, Santiagoko sarreren alboan dagoen aparkalekua bilketa eremu gisa erabiliko da bere osotasunean, beraz, hori ere itxita egongo da. Horren ordez, Guascorreko aparkalekua erabili ahal izango da.

Kantinari dagokionez, zerbitzua normaltasunez eskainiko da.  

Azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzea helburu

Egokitzapen eta berritze lanek eremuko irisgarritasuna hobetzea dute helburu, baita bertako azpiegituren kalitatea eta ingurumenaren zaintza eta babesa hobetzea ere.

Horretarako,  lehenik eta behin, aparkaleku parean dagoen sarreran, arrapala eta eskailera berriak doituko dira. Arrapala horren azpian, aldiz, hondartza zerbitzuak jasoko dituen eraikina egingo da, non mantenurako biltegia, komunak, aldagelak, dutxak edota sorosleentzako gunea kokatuko diren. Eraikin horren doiketa lanak Zumaiako Udalak hartuko ditu bere gain.

Jatorrizko proiektuari eginiko ekarpen gehigarria: Erdiko Haitza

Arrapala hori Erdikoi Haitz begiratokiarekin elkartzeko, aparkalekuko kurbatik hasita pasabide berri bat eraikiko da boladizoan. Pasabide hori da, hain zuzen, gobernu taldeak jatorrizko proiektuari eginiko ekarpen gehigarria.

Pasabide horrek aipatu begiratokia inguratuko du eta bertatik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dira. Horrez gain, Erdiko Haitzeko berdegunean eserlekuak, edukiontziak, bizikletak uzteko aparkalekuak edota hankak garbitzeko iturriak ere jarriko dira, baita harmailak ere, bertatik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko.

Eta ingurumenaren zaintza hobetze aldera, saneamendu instalazio berriak jarriko dira, egungo kantina hondartzatik aterako da eta landare espezie inbaditzaileak kenduko dira.