Santu guztien zubirako turismo eskaintza gertu euskal kostaldeko Geoparkean

2011/10/28

Santu guztien eguneko zubia dela eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen eskaintza zabala prestatu du. Jarduera hauen guztien gaineko informazioa eta erreserbak: www.geoparkea.com web gunean.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamaika proposamen egin du datorren zubirako. Larunbatean eta igandean ez ezik, asteartean ere, azaroaren 1ean, izango da jarduerarik.

Urriaren 29an, larunbatean, hiru irteera egingo dira, hala nola, “Flyscha eta Karsta Mutrikun”, “Flyscharen ibilbide osoa” eta “Debako Santa Maria Parrokia”. Lehena goizez, 10:00etatik aurrera, eta gainerako biak arratsaldez, 16:00etan eta 17:00etan hurrenez hurren.

Igande goizean, berriz, “Mendata-Sakoneta Geotour” izeneko jarduera eta “Ibilaldia txalupaz” eskainiko ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Azaroaren 1erako, Santu guztien egunerako, irteera geologikoa eta txalupa zeharkaldia antolatu dute. Aditu baten laguntzarekin Zumaiako ondare geologiko harrigarria nahiz bertako haitzetan betirako arrastoa utzi duten gertakari planetarioak ezagutzeko aukera eskaintzen du bisita honek. Goizeko 10:00etan abiatuko dira bisitariak Zumaiako Algorri Ezagutza Etxetik eta hiru ordu eta erdiko iraupena izango du ibilaldiak.

Ibilaldi hauetan parte hartzeko interesa dutenek, www.geoparkea.com webgunearen bidez egin ditzakete erreserbak.