Sarbide berria egokitu du Udalak Aita Mariko Herri Eskolan
Alai auzotik egokitu da sarbide berria eta komun publikoaren alboko aparkalekuarekin lotura izango dute guraso zein haurrek ikastetxera sartzeko.
Aita Mariko Herri Eskolan sarbide berri bat egokitu du Udalak. Iñaki Agirrezabalaga alkateak azaldu duenez, “ikastetxean aterpea egokitzeko lanen jarraipena izan da exekuzio hau eta irisgarritasun irizpideak kontuan hartuta ari dira egiten esku-hartzea”.
Alai auzotik egokitu zaio ikastetxeari sarbide berria eta komun publikoaren alboan dagoen aparkalekutik lotura izango dute guraso zein haurrek ikastetxera sartzeko. Horrekin batera, Alai auzora eta Patxita Etxezarreta kalera zuzenean ateratzeko aukera izango dute ibilgailuek aurrerantzean, eta ez orain arte bezala, Aita Mari auzotik barrena.
Exekuzio honen baitan, ikastetxera sartzeko malda egokitu egingo da irisgarritasun irizpideetara eta zoladura berria jarriko da lurzoruan.
Urbanizazio lanak ia bukatuta daude, pintaketan ari dira orain langileak eta hurrengo egunetarako exekuzioa bukatuta izatea aurreikusten du Udalak.
550 m²-ko aterpea
Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak gogora ekarri duenez, “joan den urteko azaroan bukatu zituzten aterpedun jolasgunea egiteko lanak Aita Mariko Herri Eskolan, eta egitura metalikodun aterpea eraikitzeaz gain, patioa asfaltatu eta lehengo jolasgunea eraberritu ziren. Exekuzio horri esker, 550 m² –ko patio estalia dute haurrek jolaserako”.
Eremua herritarrei irekita
Udal arduradunek azaldu dutenez, aterpedun jolas eremuari “erabilera irekiagoa” ematea izango da orain Udalaren asmoa: “Gune estalien beharra herritarren artean askotan errepikatu den eskaera bat da, eta hori dela eta, jolastoki estalirako sarbidea egokitu eta gero, erabilera irekiagoa emango zaio eremu honi, asteburu eta jai egunetan batez ere”.



