Sei urteko lanketaren ondoren, HAPOak behin behineko onespena jaso du
Udal Gobernuak ez du oposizioaren babesik jaso planari behin behineko onespena ematerakoan. Hirigintza garapenerako hiru ardatz nagusi ezartzen ditu planak; etxebizitza da erronka nagusia.
Sei urteko lanaren ondoren, behin behinean onartu dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO). Apirileko ohiko osoko bilkurako aztergai nagusietako bat HAPOarena; izan ere, udalerriaren antolamendua arautzen duen plan nagusia da, eta zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du. Aurrera egin du sei urteotan osatutako planak, baina proposamenaren aurka bozkatu dute EAJren eta PSE-EEren udal taldeetako hautetsiek.
Iñaki Ostolaza alkateak HAPOa osatzeko prozesuaren nondik norakoak eta planaren oinarriak azaldu zituen lehenbizi. Gogorarazi zuen prozesu luze eta konplexua izan dela, eta Zumaiako bizilagunen, behin behineko egoiliarren, elkarteen, bisitarien, udal teknikarien nahiz udal ordezkarien parte hartzea izan duela oinarri.
Guztira, 233 lagunen ekarpenarekin osatu zen Irizpideak eta helburuak txostena. Dokumentuak hamar ardatz nagusi jaso zituen, besteak beste, etxebizitza, mugikortasuna, jasangarritasuna, turismoa eta ondarearen babesa.
2022an onartu ziren planaren irizpideak udal talde guztien babesarekin. Plana garatzeari ekin zion orduan Erdu talde erredaktoreak: adostutako jarduketa bakoitzaren marko juridikoa, teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa zehazteari, alegia.
2024ko abenduan eman zitzaion lehen onespena, EAJren ezezkoarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. Ordutik, alegazioak aurkezteko epea zabalik izan da. Guztira, 47 aurkeztu dira, eta horietako bakoitza aztertu da, teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki. Planaren inguruko informazioa herritarrei helarazteko eta ekarpen berriak jasotzeko, gainera, informazio eta parte-hartze fase berriak egin dira azken bi urteotan.
Erronka nagusiak
Behin-behinean onartu den proposamenak hiru ardatz nagusi ditu: etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak eta espazio publikoa. Hori guztia, hainbat zeharlerroren gainean antolatuta: jasangarritasuna, ingurumenaren kontserbazioa, inklusibitatea, berdintasuna, ondarearen babesa eta euskara.
Etxebizitza da erronka nagusietako bat. Planak 863 etxebizitza aurreikusten ditu guztira, 680 berri, eta horietatik %60 babestuak. Horrez gain, hiri-bilbea osatu, irisgarritasuna hobetu eta hainbat eremutan esku-hartzeak egitea planteatzen da.
Jarduera ekonomikoan, industriarako eta merkataritzarako lurzoruak mantendu eta berriak aurreikusten dira, tokiko garapena sustatzeko. Espazio publikoen eta ekipamenduen arloan, espazio berriak sortzea eta lehendik daudenak hobetzea proposatzen da, mugikortasun jasangarria oinarri hartuta. Besteak beste, ekipamendu berriak aurreikusten dira.
Prozesu parte-hartzailea
Ostolazak azpimarratu zuen hasieratik prozesu irekia eta parte-hartzailea izan dela, eta horrek ematen diola planari zilegitasuna eta sendotasuna. "Herri proiektua izan da, eta horrek adostasunerako bidea eman du hasieratik", gaineratu zuen alkateak bozketari ekin aurretik.
Udal Gobernuak eskerrak eman zizkien, gainera, prozesuan parte hartu duten herritar, eragile eta profesional guztiei, etorkizuneko Zumaia definitzeko egindako ekarpenengatik.
EAJk eta PSE-EEk, atzera
Xabier Odriozola EAJren udal taldeko zinegotziak azaldu zuen desados daudela "ereduarekin", plana zortzi urterako egitearekin eta etxebizitza kopuruarekin: alegazioetan 1300 etxebizitza proposatu dituzte jeltzaleek, eta plana hamabost urtetan garatu ahal izatea. Argi Yeregi Hirigintza zinegotziaren esanetan, legediak argi jartzen ditu mugak: gehienez ere 1180 etxebizitza aurreikusi daitezke planean, eta erreserba bat mantentzeko gomendatu die talde erredaktoreak. EAJk proposatutakoak, gainera, "denen artean adostutako planaren oinarriak aldatzea" dakar, Yeregiren arabera. "Nola defendatuko duzue legearen barruan ez dagoen proposamen bat? Nola azalduko zeniekete herritarrei plana atzeratzea eta prozesua berriz hastea?", galdetu zion Odriozolari.
PSE-EEren zinegotzi Duñike Agirrezabalagak, bere aldetik, azaldu zuen HAPOak irtenbidea ematen diola etxebizitzaren arazoari, baina "denbora baterako". Guascor bizitegi lurzoru izatea alegatu du alderdi sozialistak, eta beren proposamenari ezezkoa ematea aipatu zuen Agirrezabalagak HAPOa behin behinean ez babesteko arrazoitzat.
Plana zortzi urterako idatzi arren, hogei urterainoko luzapena izan dezakeela badakitela erantzun zien alkateak jeltzaleei. Agirrezabalagari, berriz, azaldu zion ez dela komenigarria beste nukleo bat zabaltzea. Oposizioko bi udal taldeei zuzendu zitzaien gero: "Irizpide eta helburuetan, denen adostasunarekin erabaki zen zer, non eta nola eraiki daitekeen. Gai guztiak mahai gainean jarri ziren, eta hor ezarri zen eredua. Nork eta zer momentutan erabaki du ez duela balio adostutakoak?"



