Seinale digitalerako prestatzen

2010/03/08

Udalari helarazitako informazioaren arabera, martxoaren 22an gertatuko da Zumaian itzalaldi analogikoa. Azken hilabeteetan egindako neurketen arabera, herrigunearen ia osoak badu jada estaldura.

 

Seinale digitalerako estaldura sarea egokitzeko lanak azken fasean sartuta daude. Itelazpi Telekomunikazioen Zerbitzu Publikoa ari da Zumaia eta inguruko herrietan azkeneko egokitzapenak egiten seinale digitalaren estaldura sarea modu eraginkorrean toki guztietan bermatu ahal izateko. 2003an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez Itelazpi erakundea eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri guztietan seinale digitalaren estaldura bermatzeko akordioa sinatuta dauka Eudel, Eusko Jaurlaritza, eta Foru Aldundiarekin.

Urtarrilean eta otsailean aritu dira erakunde horretakoak Zumaian hainbat neurketa egiten; gero horien arabera, estaldura modu eraginkorrenean bideratu ahal izateko. Neurketa horien arabera, herrigunearen ia osoak badu jada estaldura, baina arazoak daude herriko zenbait puntutan. Arazo horiek konpontzeko alternatibak bilatu dituzte dagoeneko Udalak eta Itelazpi erakundeak. Udalak lurren gestioak egingo ditu ondorengo egunetan eta gero, Itelazpi izango da egokitzapenak egingo dituena.

Itzalaldia martxoaren 22an

Udalari helarazitako informazioaren arabera, martxoaren 22an gertatuko da Zumaian itzalaldi analogikoa eta baliteke egun horretarako arazoak dituzten gune horietara seinalea behar bezala ez iristea. Emisioa hasi ondoreneko probaketak egin eta eremu horiek arazoekin jarraituko balute, arazo horiek epe motzean konponduko direla jakitera eman du Udalak.

Beste herrietako esperientziek erakutsi dute probaketa horiek egin artean ezingo direla zehaztasunez jakin arazoak zein gune zehatzetan egongo diren. Ildo horretatik, seinale digitala behar bezala iristen ez zaien bizilagunei Udalean abisua emateko eskatu zaie.