Sektore publikoko grebak eragina izango du Zumaiako udal zerbitzuetan ere

2023/10/24

EAEko zerbitzu publikoetako 150.000 langile grebara deitu dituzte sindikatuek urriaren 25erako. Greba deialdiak eragina izango du Zumaian ere, tartean Udalak eskaintzen dituen zerbitzutan.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek greba deialdia egin dute asteazken honetarako (urriak 25), "Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei soldata eta enplegua hemen adostu ahal izatea ahalbideratu dezatela" eskatzeko.

EAEko langile publiko guztiak deitu dituzte grebara, eta Zumaian ere eragina izango du deialdiak. Udal zerbitzuei dagokionean, zenbait zerbitzu etenda egongo dira, eta hainbat udal eraikin itxita (hala nola, turismo bulegoa eta Ludoteka). Halaber, zenbait langile publikok greba egingo dutela-eta aldaketak izango dira Zumaiako udal zerbitzuetan.

Udal zerbitzuetan ez ezik, grebak eragina izango du Zumaiako bestelako esparruetan ere: hezkuntza eremuan, osasun-arloan, edota garraio publikoan.