Silvia Merino: "Bost urte hauetan bikoiztu egin da Zumaian saxofoi ikasleen kopurua"

2010/04/22

150 saxofoi-jole inguru elkartuko dira igandean Zumaian ospatuko den Saxofoi Topaketan. Silvia Merino saxofoi irakasleak azaldu duenez, “instrumentu hau hedatzea” da topaketa hauen helburua.

 

Ezohiko jardunaldi bat ospatuko da asteburu honetan Zumaian; 150 saxofoi-jole inguru elkartuko dira igandean Zumaian ospatuko den III. Hamaikasax Saxofoi Topeketan. Silvia Merino Zumaiako Musika Eskolako saxofoi irakasleari tokatu zaio jaialdia antolatzearen ardura nagusia eta "ilusioz" dago igandea iristeko.

Merinok azaldu duenez, “2008an sortu zen Hamaikasax Saxofoi elkartea, Euskal Herrian zehar instrumentu honen hedapena sustatzeko helburuarekin”. Merino bertako partaidea da eta Zumaiako Musika Eskolako irakaslea ere badenez, hortik etorri zen topaketa aurten Zumaiara ekartzea. “150 saxofoi-jole inguru elkartuko gara topaketen baitan, eta inguruko herrietako zein nazioarteko hainbat Musika Eskolek parte hartuko dute: Donostiako kontserbatorioa, Bilboko kontserbatorioa, Hernaniko Musika Eskola, Larrebetzuko Musika Eskola, Errenteriako Musika Eskola, Mungiakoa, Legazpikoa, Azkoitikoa, Azpeitikoa, Zestoakoa, Zumaiakoa, Baionako Kontserbatorioa eta Tarnoseko Musika Eskola”.

Gaur egun, Merinok 19 ikasleri ematen dizkie klaseak Zumaiako Musika Eskolan. Duela bost urte hasi zen Zumaian lanean, eta bere esanetan, orain urte batzuk baino jende gehiago animatzen da saxofoia ikastera: "Zumaian saioak ematen hasi nintzenean -orain bost urte-, 8 ikasle nituen eta egun, bikoztuta dago zifra hori".

Kontzertuak eta kalejira

Igandean ospatuko diren topaketen baitan, 12:00etan kontzertua eskainiko dute Maria eta Jose ikastetxean eta ondoren, aipatutako Musika Eskoletako kideek kalejira egingo dute elkarrekin: “Deba eta Gora Zumaia martxak joko ditugu elkarrekin eta ondoren, bazkaltzera joango gara guztiok batera”. Ondoren, arratsalde partean, beste kontzertu bat eskainiko dute Evidence Quartet Jazz taldeak eta Musikeneko Saxofoi taldeak. Maria eta Josen izango da kontzertua eta 17:00etan hasiko da.

 

Saxofoi topaketak

Zumaiako Topaketak iragartzen dituen kartela.

Hamaikasax Saxofoi elkarteak, Txori Txiki Musika Eskolak eta Zumaiako Udal Musika Patronatuak elkarlanean antolatu dute ekimena eta ondorengo eragileen babesa izan du: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, Musikene eta Donostiako Udala.  Zumaiakoaz gain, inguruko beste herri batzuetan eta datozen hilabeteetan "topaketa gehiago" egingo dituztela gaineratu du Silvia Merinok.