Surfeko lokal berria inauguratu dute
Joan den ostiralean izan zen irekiera ekitaldia eta surflariak "gustura" agertu ziren azpiegitura berriarekin. Larretxo auzoan egokitu da lokala, Itzurun hondartzatik gertu eta 145 metro erabilgarri ditu.
Zumaiako Surf Elkarteak, ZISKEk, elkartu eta lan egiteko lokal berria erabilgarri dauka dagoeneko. Joan den ostiralean inauguratu zuten Udalak eta herriko surflariek azpiegitura berria, eta dagoeneko erabilgarri izango dute beraien jardunerako.
Isaac Agirrezabalaga ZISKEko kideak irekiera ekitaldian azaldu zuenez, “hamar urte badira elkartea sortu zela eta hauxe izan da urte hauetan guztietan izan dugun helburu nagusia, lokal bat izatea. Orain, helburua betetzera iritsi garela esan dezakegu eta alde horretatik, gustura gaude”. Agirrezabalagaren arabera, 50 bazkidetik gora ditu gaur egunean Zumaiako Surf Elkarteak, eta lokal berriarekin jende gehiago animatuko denaren segurantzia ere baduela gaineratu du: “orain, gure lana izango da lokalari erabilera egokia eman eta txukun mantentzea”.
Surf elkarteko kideen artean ziren Udaleko hainbat ordezkari. Horien artean, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga, Andoni Etxaniz Hirigintza Zinegotzia, Joseba Azpiazu Ogasun Zinegotzia, eta Unai Manzisidor zinegotzia edota Fran Aizpuru kirol teknikaria. Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, “nahi baino gehiago atzeratu da lokal berriaren exekuzioa, baina azkenean olatua iritsi dela esan dezakegu. Itsasoaz gain, Zumaiak baliabide berri bat gehiago izango du herriko surflarientzako aurrerantzean”.
145 metro erabilgarri
Larretxo auzategian egokitu du Udalak lokala, Itzurungo hondartzatik gertu. 145 metro karratu ditu erabilgarri eta hainbat funtzio betetzeko prestatuta dago. Besteak beste, eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu zuenaren arabera, honako azpiegiturek osatzen dute: erabilera anitzeko gela, bulegoa, aldagelak dutxekin, neska eta mutilentzako komunak, eta surfeko oholak eta bestelako materiala gordetzeko biltegia.
Udala arduratu da obra zuzendaritza eta instalazio osoaren egokitzapenaz eta lanek orotara, 193.000 euroko gastua izan dute. Lokala erostearen truke, berriz, 144.000 euro ordaindu zituen Udalak.



