Talentu ihesa ekiditen programaren bigarren edizioko diplomak banatu dira
Urola Kostako Udal Elkarteak TALENTU IHESA EKIDITEN izeneko programaren 2. edizioa garatu du 2013ko martxotik ekainera. Ostiraleko ekitaldian, programaren eta garatu diren egitasmoen berri eman eta gazte sustatzaileek diplomak jaso zituzten.
Programa hau Urola Kostako enpresen lehiakortasuna hobetzeko planaren barruko ekimen bat da. Plan hori 2011n jarri zuen martxan Udal Elkarteak. Plan horrek erakutsi zigun, batetik, kualifikazio altuko gazte asko ditugula eskualdean eta talentu hori galtzeko edo kanpora joateko arriskua dugula, eta bestetik, eskualdeko enpresek laguntza behar dutela, nazioarteko merkatuetan sartzeko eta produktu/zerbitzu berriak garatzeko.
Bi osagai horiek elkartzea da talentu Ihesa Ekiditen programaren helburua. Lehen edizioa 2012ko udazkenean burutu genuen eta bigarrena 2013ko martxotik ekainera.
Programak 2 urrats izan ditu
Lehendabizi, gazteek prestakuntza jaso zuten nazioartekotzeko eta barne ekintzailetzako gaien inguruan (150 orduko ikastaroa, martxoa eta apirilean). Ondoren, gazteek eta enpresek nazioartekotzeko eta dibertsifikazioko proiektu zehatzak landu dituzte (150 ordu, maiatza eta ekainean), IMH, Onura Consulting eta Udal Elkartearen tutoretzarekin.
Programa horren bidez honako helburu hauek lortu dira:
§ Eskualdeko gazte kualifikatuak enpresekin harremanetan jartzea.
§ Gazte kualifikatuei nazioartekotzeko eta barne ekintzailetasuneko prestakuntza ematea.
§ Egitasmo zehatzak lantzea eta garatzea, eskualdeko enpresen lehiakortasuna areagotzeko.
Honakoak dira 2. edizioaren emaitza eta datu nagusiak:
Parte hartu dutenak: Eskualdeko 15 gazte kualifikatu eta eskualdeko 15 enpresa:
o Ari Arkitektura. Arkitektura proiektuak.
o Barnizados Larraitz. Bernizatzeko eta lakatzeko lanak.
o Basque Flavours. Urola Kostaz gozatzeko planak.
o Carpintería Zulaika. Egurrezko eraikin proiektuak.
o Naviruta. Ibilbide liburuetan oinarritutako gida sistema.
o Elkor. Egurra eta aluminioa lantzeko marina eta erremintak.
o Genelek. Kogenerazio plantak kontrolatzeko eta automatizatzeko sistemak.
o Precocinados Gesalaga. Prestatutako plateren elaborazioa eta banaketa.
o Gráficas Ilba. Estutxe, kaxa tolesgarri eta antzekoen elaborazioa.
o Otzarreta Comunicación. Irudi korporatiboa, diseinu grafikoa, argazkigintza eta inprimategia: proiektu eraginkor eta berritzaileak.
o Pavitec. Soldadura jarraiak, dekoratiboak eta industrialak.
o Solids Components Migsa. Solidoak maneiatzeko osagaiak.
o Talleres Mecánicos Manterola. Esfera balbulen fabrikazioa.
o Tipsa. Garraio zerbitzuak: presazkoa, mezularitza eta paketeak.
o Txarri-Txiki. Txistorra, txorizoa, odolki eta haragikien elaborazioa.
Programa honetan enpresentzako 15 egitasmo zehatz garatu dira, honela banatuta:
§ 12 proiektu nazioartekotzeko egitasmoak
§ 3 proiektu enpresa barnean produktu/zerbitzuak dibertsifikatzeko egitasmoak



