TAOko makinak egokituko ditu Udalak herriko hainbat erosketa establezimenduk bezeroei aparkalekua ordaintzeko hartutako neurria errazteko

2018/07/03

Egokitzapen horrekin, aurrerantzean, makinak bi tiket inprimatuko ditu, bata autoan jarri eta bestea, aparkalekuaren ordainketa bere gain hartzea erabaki duten erosketa establezimenduetan aurkezteko.

Herriko aparkamenduaren erregulazio sistemaren baitan, errotazio altuko guneak komertzioa edota banketxeak dauden eremuetan kokatu dira: Txomin Agirre kaia, Amaia plaza, Alai auzategia…

Neurri horren helburua da gune horietan ibilgailuen errotazioa bultzatzea aparkaleku horiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, betiere, inguruko komertzioaren mesedetan. Eta hori bermatzeko, aparkatzeko ordu muga 90 minutuan ezarri zuen iaz Udalak.

Ildo horretan, ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenek doan aparkatu dezakete aipatu gune horietan baina herritarrez gain, badira inguruko auzoetatik erosketak egitera Zumaiara hurbiltzen diren lagun asko. Eta bereziki horiengan eta tokiko merkatari eta ostalariengan pentsatuz, aurten, lehen ordu erdia doan eskaintzen die Udalak herrikoak ez diren ibilgailuei.

Edonola ere, neurri horretaz haratago, herriko hainbat erosketa establezimenduk Udalak eskainitako lehen ordu erdiaz gain, errotazio altuko gainerako ordubetea ordainduko die bezeroei, baita, zenbait kasutan, TAOko lehen bi orduak ere, betiere, noski, erosketa baldintza jakin batzuk betez gero.

Horretarako, Udalak TAOko makinak egokituko ditu aurrerantzean bi tiket inprimatu ditzaten, bata autoan jarri eta bestea, aparkamendu denbora jakin hori ordainduko duen establezimenduan aurkeztu ahal izateko. Lan horietara bideratuko ditu Udalak 915€ eta egokitzapen lanek 10 egun inguru iraungo dutela aurreratu du.

Helburua da erabaki hori hartu duten establezimenduei erraztasunak eskaini eta modu horretara, tokian tokiko kontsumoa bultzatzen jarraitzea.