Tasatutako 13 etxebizitza eta babestutako 9 izango ditu Torreagako promozioak

2010/06/08

Joan den astean sinatu zuen Udalak sustatzailearekin akordio berria. Puntanoetan babestutako etxebizitzak egiteko hitzarmena ere sinatu dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak.

 

Torreagako etxebizitzen promozioan babestutako etxebizitza gehiago ahalbidetuko direla iragarri berri dute Iñaki Agirrezabalaga alkateak eta Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak. Izan ere, tasatutako 13 etxebizitza eta Babes Ofizialeko 9 etxebizitza izango ditu Torregako promozioak. 

Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, Torreagako hitzarmena aldatzea adostu dute etxebizitzen enpresa sustatzaileak eta Udalak, “krisiaren ondorioz, enpresa ez zelako 2006an sinatutakoari aurre egiteko gai”. 3,8 milioi euro jaso ordez, 600.000 euro dirutan eta Torreagan bertan eraikitako 13 etxebizitza tasatu jasoko ditu Udalak. Hala, guztira, 252 etxebizitza daude aurreikusita Torreagan; horietatik 230 merkatu librean salduko dira, Udalaren eskuetan geratuko diren 13 etxebizitzak prezio tasatuan salduko dira, eta gainerako 9ak Babes Ofizialeko etxebizitzak izango dira.

Agirrezabalaga alkatearen esanetan, “babes publikoko etxebizitza parkea handitu egingo dugu akordio berri honekin”. Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, laster hasiko dira obrak: “repartzelazio proiektua entregatzetik 30 hilabetera etxeak entregatuta behar dute. Faseka egingo dute obra, eta etxe tasatuak eraikitzetik hasiko dira”.

Puntanoetako hitzarmena sinatuta

Puntanoeta auzoan babestutako etxebizitzak eraikitzeko akordioa ere sinatu dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 285 etxebizitza egingo dira Puntanoetako II. Fasean. 148 Udalak egingo ditu eta 137 Eusko Jaurlaritzak, sinatu berri duten hitzarmen horri esker. Zumaian, aurreneko aldiz, alokairu sozialeko etxebizitzak eskainiko dira, “behar gehien dutenei” bideratuak, eta guztira, 84 etxebizitza eskainiko dira babestutako alokairuan.

Lurrak egonkortzeko lanak

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, orain artean ezin izan da eraiki eremu honetan. “Lur horiek hezegune baten gainean daude, eta denbora behar dute egonkortzeko. Bitarte honetan guztian, egonkortze lan horiek egiten aritu da Udala eta euste-horma bat ere egokitu da”.

Orain eraikitzeko moduan daude lurrak Agirrezabalaga eta Etxanizen arabera. Eusko Jaurlaritzak “lehenbailehen” eskuratu nahi omen ditu dagozkion lurrak, lanean hasteko. Udalari dagozkion etxebizitzei dagokionez, ezarritako epe legalak ustekabekorik gabe betez gero, Puntanoeta auzoan etxebizitza gehiago egiteko obra baimena udazkenean prest izatea aurreikusten du Zumaia Lantzenek. Erakundeak eraikiko dituen 101 Babes Ofizialeko Etxebizitzek eta 47 tasatuek behin-behineko kalifikazioa jaso eta obra baimena lortu ondoren egingo da etxebizitzen zozketa.