Tenperatura altuak eta bero-bolada: herritarrentzat gomendioak
Datozen orduetan eta egunetan tenperatura oso altuak espero dira Zumaian eta inguruetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Euskalmetek emandako abisuen arabera. Herritarrei gomendatzen zaie beroaren aurrean prebentzio-neurriak hartzea, bereziki haurrek, adinekoek eta osasun-arazo kronikoak dituzten pertsonei.
Euskalmetek eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak muturreko tenperaturen abisuak ezarri dituzte: abisu horia tenperatura altu iraunkorragatik eta baso-sute arriskuagatik; eta, alerta laranja zenbait eskualdetan, tenperatura oso altuengatik.
Zumaia kostaldeko eremuan kokatuta egonik, tenperaturak 30-32 ºC ingurukoak izan daitezke, eta bero-boladak egun batzuetan jarraituko du. Arrisku handiena beroari etengabe esposatuta egoteagatik eta hidratazio falta izateagatik gertatzen da. Egoera honen aurrean, Zumaiako Udalak herritarrei dei egiten die gomendio hauek jarraitzeko eta beroaren aurrean prebentzioa lehenesteko.
Herritarrentzako gomendioak
-
Hidratazioa: Edan ura eta likidoak maiz, egarria izan aurretik ere.
-
Elikadura arina: Jan entsaladak, barazkiak eta frutak.
-
Arropa: Erabili arropa arina eta transpiragarria.
-
Eguzkitik babesa: Ez egin jarduera fisiko handirik bero gehien egiten duen orduetan; atera behar bada, eraman kapela edo zapia, bilatu itzala eta babestu burua.
-
Etxea fresko mantendu: Itxi leihoak eta persianak bero gehien egiten duen orduetan, eta ireki freskoago dagoenean aireztatzeko.
-
Gorputza freskatu: Beroa nabarituz gero, busti gorputza ur freskoarekin edo jarri eskuak eta oinak ur hotzean.
-
Talde kalteberen zaintza: Arreta berezia jarri haurrei, adinekoei eta gaixotasun kronikoak dituztenei. Ez utzi inoiz inor edo animaliarik aparkatutako auto baten barruan.
📞 Larrialdi kasuetan, deitu 112 zenbakira.



