Tokiko merkataritza sustatzeko ErrotaHerria erosketa bonuen kanpaina, laster martxan

2026/05/11

30 euroren truke 40 euroko balioa duten erosketa txartelak erosi ahal izango dituzte herritarrek ostegunetik aurrera. Ekainaren 30era artean erabili ahal izango dira kanpainara atxikitako saltokietan.

Zumaiako Udalak eta Gertu merkatarien elkarteak erosketa-bonuen kanpaina berria jarriko dute martxan, tokiko merkataritza indartu, herriko kontsumoa sustatu eta Zumaiako saltokiei bultzada emateko helburuarekin. Kanpainara 10.000 euro bideratuko dira, eta herritarren ekarpenekin batera, guztira 40.000 euroko inpaktu ekonomiko zuzena sortzea aurreikusten da herriko establezimenduetan.

Aurten 1.000 erosketa bonu jaulkiko dira. Bonu bakoitzak 30 euroko kostua izango du herritarrentzat, baina 40 euroko balioa izango du kanpainari atxikitako saltokietan gastatzeko. Bonu bakoitza, gainera, 10 euroko balioa duten lau zatitan banatuta egongo da, erosketak modu malguagoan egin ahal izateko.

OINARRIAK
>> Info+: zumaiagertuelkartea.eus

Herritarrek maiatzaren 14tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonuak turismo bulegoan, agortu arte. Pertsona bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, eta erosketako gehienez bi bono erosi ahal izango ditu: bat bere izenean eta bestea beste norbaitentzat. Erosketa egiteko, beharrezkoa izango da NANaren originala, kopia edo argazkia aurkeztea. 2026ko ekainaren 30era artean erabili ahal izango dira kanpainara atxikitako saltokietan.

Bestalde, iaz bonuak erosteko garaian egindako aldaketa mantenduko dela jakinarazi dute antolatzaileek, aurreko edizioan izandako funtzionamendu ona ikusita.