Topalekua bertan behera utzi du Zumaiako Udalak

2020/07/20

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak agindutakoari jarraituta, Zumaiako Udalak uztailean antolatu duen Topalekua bertan behera uztea erabaki du. Bigarren txanda hastekoa zen gaur, eta 9 egun falta direla ikusita, erabakia behin betikoa izango da.

Larunbatean, jakinarazpena jaso bezain laster hartu zen erabakia eta egunean bertan deitu zitzaien astelehenean hastekoak ziren haur guztien gurasoei. Egoera ikusita, gurasoek erabakia ulertu zuten eta eskerrak eman zituzten abisuak ematen izandako azkartasunagatik.

Bestalde, azpimarratzekoa da orain arte segurtasun neurri guztiak hartuta garatu dela Topalekua, eta haurren eta gurasoen balorazioak oso positiboak izan direla. Haurrek egindako balorazioan oso ondo pasatu dutela esan dute eta asko eskertu dutela lagunekin jolasteko aukera izatea. Gurasoek, berriz, segurtasuna eman zaiela aipatu dute eta egoera honetan Udalak egindako ahalegina asko eskertu dute egindako balorazioan.

Amaitzeko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Topalekuaren zuzendari eta hezitzaile taldeari egoera zailean eta presaka egin behar izan duten ahaleginagatik, Topalekuan parte hartu duten nahiz ez duten, familiei erakutsi duten ulermen eta prestasunagatik, eta bereziki haurrei egoerara moldatzeko erakutsi duten gaitasunagatik.