Trafikoan aldaketak izango dira Alde zaharrean
Datozen asteotan, Zumaiako Alde Zaharreko galtzada konponduko du Zumaiako Udalak. Lan horiek direla eta, trafikoan hainbat aldaketa izango dira.
Alde Zaharreko zoruan dauden zulo eta bestelako kalteak konpontzeko lanak hasiko ditu datorren astelehenean, hilak 17, Zumaiako Udalak. Lan horien bidez, Alde Zaharrean, batik bat, garraio astunek sortu dituzten galtzada hondoratzeak eta zuloak konpontzea da helburu.
Lan horiek hilabete inguruko iraupena izango dute, eta bi fasetan egingo dira. Fase bakoitzean, trafikoan aldaketak eragingo dira. Zumaiko Udalak herritarrei aurrez eskatzen die ahal bada alde zaharrera autoan ez joateko, lanek irauten duten bitartean.
Lehen fasea, esan bezala, datorren astelehenean hasiko da. Lan horiek Angel Sorazu kalean hasiko dira; eta, beraz, astelehenetik aurrera Txomin Agirre kaitik Algel Sorazu kalea hartuta ezingo da Foruen plazara igo. Hala ere, Zumaiako Udalak Angel Sorazu kalean dauden garajeetarako sartzeko pasabidea utziko du.
Foruen plazara joan nahi duenak, San Jose kaletik Arritokietako ermitaren ingurutik behera iritsi beharko du. Lanak, berez ez dira oso luzeak izango, baina behin konponduta hormigoia lehortu bitartean zapaldu gabe egon behar du, eta horregatik izango dira kaleak itxita, nahiz eta obrarik ez izan.
Behin, lehen fasea bukatuta, bigarrengo faseari ekingo diote. Fase horretan, Bonifazio Etxegarai kalea konponduko dute, besteak beste, eta inguru hori izango da itxita. Beraz, trafikoa Angel Sorazu aldetik bideratuko da.
Lan horiek Martin Irigoyen enpresak egingo ditu, eta guztira 22 .471 euroko aurrekontua dute. Gainera, obra horiek 7 urteko garantia dute.



