Traste zaharren bilketaren inguruko oharra
Udalak jarritako egunak errespetatzeko eskatzen die herritarrei.
Traste zaharren bilketa hilean bi alditan egiten hasiko da aurrerantzean Udala. Orain arte hilean behin egiten zen, baina jasotzen den trasteen bolumen handia ikusita, bilketa hilean bi aldiz egiten hasiko dira. Hemendik aurrera, hileko 2. eta 4. astearte iluntzetan atera beharko dituzte herritarrek traste zaharrak edukiontzien eremuetara. Irailean, 14an eta 28an egingo da bilketa.
Herritarrek edukiontzien eremuaren alboan utzi beharko dituzte traste zaharrak, eta horri lotuta zenbait argibide edo aholku eskaini dituzte Udaleko teknikariek: “trasteak ez dira utzi behar edukiontzien kontra jarrita, horrek zabor bilketa oztopatu dezakeelako, eta, bestetik, komeni da trasteak utzi aurretik Udaleko Hirigintza sailean abisua uztea”.
Bilketa sistema honekin, herrian bildutako traste zaharrak Zumaiako Garbigunera eramango ditu aurrerantzean Udalak –lehen Zarauzko Urteta zabortegira eramaten ziren-. Horri lotuta, herritarrei gogorarazi nahi izan zaie gainontzeko egunetan ere eraman ditzaketela traste zaharrak Garbigunera, beti ere biltegiak indarrean duen ordutegian.



