Tren geltokiko sarrerako egitura kendu du Euskal Trenbide Sareak

2020/01/22

Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak eta Zumaiako Udalak egitura erretiratzeko eskaera egin zioten joan den astean ETSri. Egiturak ondare industrialari zekarkion kaltea azpimarratu zuten.

IOHLEE Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak Zumaiako tren geltokiko sarreran eraikitako egituraren desegokitasuna salatu zuen joan den astean. Hainbat herritarrek ere beren ezinegona adierazi zuten. Egoerarekin kezkatuta, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea Euskal Trenbide Sareko arduradunekin harremanetan jarri zen, eraikitakoa erretiratzea eskatzeko eta geltokiaren balizko beharrei nola erantzun elkarlanean erabakitzeko gonbita luzatuz.

IOHLEE Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak astelehenean jakinarazi zuen ETSk erretiratu egingo zuela egitura, eta dagoeneko tunelak lehengo itxura hartu du.