Turismo Plana herritarren eskura egongo da asteartetik aurrera
Udal webgunean, Baleiken eta turismo bulegoan bertan eskuratu edota kontsultatu ahal izango da eta zumaiarrek apirilaren 11a arte izango dute Planari ekarpenak eta proposamenak egiteko epea. Aipatu Planaren helburua da, guztien artean, Zumaiako turismo eredua zehaztu eta definitzea.
Urtebeteko lanaren ostean, dagoeneko osatuta dago Turismo Planaren lehen zirriborroa. Aipatu Plana Translokal enpresarekin elkarlanean garatu du Udalak eta prozesuan zehar ezinbestekotzat jo du turismoaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutu eta zumaiarrak dokumentuaren lanketan inplikatzea.
Horretarako, hain zuzen, turismoaren inguruko galdetegia zabaldu zien herritarrei eta horrez gain, Translokalek 108 elkarrizketa ere egin zituen, Udalarekin elkarlanean, Zumaia zein kanpoko arlo edo sektore ezberdinetako hainbat eragileei. Halaber, turismo laborategiak deituriko 2 saio ere egin dira herriko ekosistema turistikoa osatzen duten eragileekin: sektore publiko zein pribatuko ordezkariak, akademikoak, ekintzaileak eta noski, herritarrak ere.
Orain, saio zein elkarrizketatako emaitzak, proposamenak eta ekarpenak aintzat hartuta, behin-behineko dokumentua osatu du Translokal enpresak eta hori da hain zuzen asteartetik aurrera publiko egin eta herritarren eskura jarriko dena.
Zumaiarrek udal webgunean, Baleiken eta turismo bulegoan bertan eskuratu edota kontsultatu ahal izango dute Planaren lehen zirriborroa eta apirilaren 11a bitartean proposamenak edota ekarpenak egiteko aukera ere izango dute turismoplana@zumaia.eus helbidean edota aurrez-aurre turismo bulegoan. Behin epe hori amaituta, Udaleko alderdi politiko guztiek, Translokalekin elkarlanean, zumaiarrengandik jasotako ekarpen oro aztertu eta horiek aintzat hartuta behin betiko dokumentua osatuko dute.
Prozesua amaitzeko Udalaren asmoa da herritarrei zuzenduriko aurkezpen publiko bat egitea Turismo Planaren nondik-norakoak eta xehetasunak azaltzeko.



