Turismo Planaren aurkezpena maiatzaren 15ean egingo da

2018/05/04

Aurkezpen saioa Alondegiako Oxford aretoan egingo da, arratsaldeko 18:30ean eta herritar oro dago gonbidatua. Halaber, turismoaren harira, maiatzaren 19 eta 20ko asteburuan ate irekiak izango dira Algorri Interpretazio Zentroan, Kofradian eta baita aterpetxean ere, zumaiarrek lehen eskutik ezagutu ditzaten bisitariei eskaintzen zaizkien udal baliabideak.

Urtebeteko lanaren ostean iritsi gara helmugara. Dagoeneko osatua dago Zumaiako Turismo Plana eta aurkezpen data ere badu: datorren maiatzaren 15a, hain zuzen.

Alondegiako Oxford aretoan izango da aurkezpen saioa, arratsaldeko 18:30ean eta bertan emango dira ezagutzera lehen aldiz Planaren nondik-norakoak. Aurkezpen saioa irekia izango da eta herritar oro dago gonbidatua bertan parte hartzera.

Halaber, turismoaren harira, maiatzaren 19 eta 20ko asteburuan ate irekiak izango dira Algorri Interpretazio Zentroan eta Kofradian, hau da, larunbat zein igandean doan bisitatu ahal izango dira biak.  Horrela, zumaiarrek bisitariei Udalak eskaintzen dizkien baliabideak doan ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, Komentuko aterpetxea ezagutzeko aukera ere eskainiko zaie asteburuan herritarrei,  izan ere, gaur egun bertara sarrera erromesentzat soilik mugatuta baitago.

Halaber, aurkezpen saiora bertaratzen direnen artean bi pertsonentzat 5 bisita gidatu ere zozketatuko dira:  

-          Flyscharen ibilbidea

-          Flyscha begirada batean.

-          Bisita geologikoa.

-          Enigma bizia

-          Flyscheko olagarroa.

Horretarako, interesdunek Oxford aretoko sarreran bertan eman beharko dute izena eta aurkezpena amaitzean esango dira irabazleen izenak.

Amaitzeko, Udalak zumaiar guztiak gonbidatzen ditu aurkezpen saioan parte hartzera eta bide batez, Planaren garapenean aktiboki parte hartu duten guztiei eskerrik beroenak ematen dizkie, guztien ekarpenak, proposamenak eta inplikazioa ezinbestekoa izan direlako Plana osatzeko.