Turismoa sustatzeko Urola Kostako informazioa emateko karpa izango da asteburuan, Gasteizen
Ostiraletik igandera bitartean, Urola Kostako herrietako turismoa bultzatu eta ingurua zein bertako produktuak ezagutzera emateko karpa bat izango da Gasteizko erdigunean. Ostiralean, 12:00etan emango zaio hasiera.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia asteburu batez Gasteizko erdialdean izango dira, hain zuzen ere, Urrezko Zeledonen plazan (posta eraikinaren aurrean). Hurrengo ostiral, larunbat eta igandean (urriaren 17tik 19ra) Urola Kosta eskualdeko herri horien eskaintza turistikoa erakutsiko zaie gasteiztarrei eta egun horietan Arabako hiriburua bisitatzen duten turistei. Lehen edizioa iaz egin zen, Donostiako bulebarrean.
Inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, urriaren 17an, eguerdiko 12:00etan. Orduan moztuko dute arduradun publikoek inaugurazio-zinta. Horrekin batera parrilla piztuko da. Bertan euskal kostaldeko erara egindako hegaluzea dastatuko da. Pintxo bakoitza 1,5 eurotan egongo da. Larunbatean ere gauza bera egingo da, 13:00etan hasita. Euskal kostaldean hain garrantzitsua den produktu hori Arabako produktu izarrarekin nahastuko da: Añanako gatzarekin.
Karpak 125 metro karratu izango ditu, eta bertan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiari buruzko informazio turistikoa emango da. Horren ondoan, beste espazio batean, tailerrak egiteko leku bat egongo da, jende guztiarentzat baina bereziki haurrentzat. Bost udalerri horietako baliabide eta enpresa turistikokoekin lotutako tailerrak izango dira. Esate baterako, Cristobal Balenciaga Museoak tailer bat antolatuko du, Maisor kontserbagile batek antxoak garbitzen eta gatzetan jartzen erakutsiko du. Baratzeak ere garrantzi handia duenez eskualde honetan, haurrek aukera izango dute letxuga txikiak eta barazki ekologikoak landatzeko. Horrez gain, ‘Itsasotik mahaira’ haur-tailerrean parte hartu ahalko dute, arrain desberdinak ezagutzeko eta nola jaten diren ikasteko. ‘Geoparkeko altxor fosilak” mahai didaktikoan, berriz, fosilak nola egiten diren eta nolako fosilak dauden ikasiko dute, eta eurek egindako erreplikak eramango dituzte etxera.
Bestalde, jendeak eskuz esku lan egin ahalko du Orioko sare-konpontzaileekin. Emakume horiek arrantzarako sareak konpontzen dituzte, eskulan izugarria eginez. Zarauzko Harri-jasotzaile Eskolakoek karpara hurbiltzen diren haur eta helduen indarra neurtuko dute, eta harriak jasotzeko daukaten gaitasuna erakutsiko dute. Eta adi! Haurrek erne ibili beharko dute, Karlos Arguiñano sukaldari zarauztarraren buruhandia atzetik ibiliko baitute, trikitilarien musika lagun dutela, eta agian Juan Sebastian Elkano Getariako marinelarekin ere topo egingo dute.
Azkenik, ekintza hori osatzeko, sustapen-bonuak zozkatuko dira. Txartelak informazio-puntuan bertan beteko dira, karpa bisitatu dutenei eskerrak emateko eta aukera eskaintzeko Urola Kosta eskualdea, ahal bada, hobeto ezagutzeko. Sustapen ekintza honetan parte hartzen dute, baita, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak.
Karparen ordutegiak hauek izango dira: ostiralean (urriak 17), 12:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:30era. Larunbatean (urriak 18), 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:30era. Eta igandean (urriak 19), 11:00etatik 14:30era.



