TURISMOAREN INGURUKO INKESTA BETETZEKO EPEA LUZATU DA
Akats bat dela eta, ezin dira orain arte internet bidez jasotako inkestak balioztatu, beraz, orain, herritarrek uztailaren 18a arte izango dute galdetegia betetzeko aukera. Udalak barkamena eskatu du sortutako eragozpenengatik eta herritarrak animatu ditu galdetegia betetzera.
Zumaiako Udalak abian du Turismo Planaren idazketa prozesua eta bide horretan, ekainean iragarri bezala, ezinbestekotzat jo du herritarren iritzi zein ekarpenak ezagutzea eta horiek aintzat hartuta, etorkizunera begira Planak definitutako turismo eredu hori bermatuko duten ildo nagusiak zehaztea.
Horretarako herritarrei zuzendutako galdetegia argitaratu zuen hilaren hasieran udal aldizkari zein webgunean. Hori betetzeko, ordea, ezinbestekoa da norberaren NAN-arekin identifikatzea. Ildo horretatik, webgunean zintzilikatutako galdetegian ez da orain arte inolako identifikaziorik eskatu eta tamalez, jada herritarrengandik jasotako inkestak ezin dira baliagarritzat hartu.
Akats hori zuzenduta, Udalak, lehenik eta behin barkamena eskatzen die dagoeneko inkesta bete duten pertsonei sortutako eragozpenengatik eta galdetegia berriro betetzea eskertuko liekeela adierazi du. Era berean, gainerako zumaiarrak ere animatzen ditu galderak erantzutera, guztion artean Zumaiaren balore eta baliabideak, ondarea, kultura eta hizkuntza, oinarri izango dituen etorkizuneko turismo eredua definitzeko



