Turista ugari ibili ziren Aste Santuko egunetan, Zumaian
Ostegun Santutik astelehenera bitarteko bost egunetan 719 lagun pasatu ziren Turismo bulegotik.
Aurtengo Aste Santuan (ostegunetik astelehenera bitartean) turismoak datu onak utzi ditu Zumaian. Ostegunetik astelehenera bitartean 719 lagun izan ziren Turismo bulegoan informazio jaso eta herriaren zein eskualdearen inguruko galderak egiten. Zumaiako turismo bulegoa gustura dago aurten Zumaian jasotako turismoaren inguruko datuekin. Izan ere, iazko Aste Santuan turismoak beherakada izan zuen (414 bisitari izan zituen); hala ere, 2009ko datuekin alderatuz gero, aurten bisita gehiago izan dira. Orain bi urte 634 bisita jaso ziren egun horietan, eta aurten 719. Beraz, gustura egoteko datuak dira.
Zumaiako ostalariak ere Aste Santu oparoa izan dute. Ostegunetik igandera bitarteko gau guztietan alojamenduak % 100eko okupazioa izan dute. Igandetik astelehenerako gauean pixka bat jaitsi zen okupazioa, baina ohikoa izan ohi da hori.
Herriko hainbat dendarik beren negozioak ireki zituzten ostegun, ostiral eta larunbatean. Ostegun eta larunbata egun “onak” izan ziren dendarientzat. Ostirala, berriz, pixka bat “eskaxagoa” izan zen salmentetan.
Bisita gidatuak ere beteta
Flysch-a ikusteko Aste Santurako antolatutako irteera guztiak bete ziren. Hala ere, eguraldi eta itsaso txarra medio hiru irteera bertan behera gelditu ziren.



