Txalupa zerbitzua Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango da gaurtik

2026/08/17

Mugi txartelak eskaintzen dituen abantailak izango dituzte erabiltzaileek aurrerantzean. Moilaberriren atzealdean dagoen Begi Bistanen egoitzan txartel anonimoak erosi nahiz horiek kargatzeko aukera eskainiko dute, gainera.

Gaurtik aurrera, abuztuak 17, Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango da Zumaiako txalupa zerbitzua. Izan ere, Zumaiako Udalak eskaintzen duen errioko garraio zerbitzua Mugi tarifa sisteman integratu da, eta erabiltzaileek sistema horren deskontu eta abantailak baliatu ahal izango dituzte aurrerantzean.

Txalupa zerbitzuak Txomin Agirre kaia kirol portuarekin eta Santiago hondartzarekin lotzen ditu, eta bereziki udako hilabeteetan Zumaiako mugikortasunerako alternatiba garrantzitsua da. Zerbitzua Mugi sisteman sartzearekin, erabiltzaileek bidaia merkeago egiteko aukera izango dute. Noizbehinkako txartelarekin bidaia 1,45 eurokoa izango da, eta Mugi txartel anonimoarekin, 0,58 euro balioko du bidaiak. Txartel pertsonalizatuaren kasuan, erabiltzaileak hilabetean egiten duen bidaia kopuruaren arabera aplikatuko dira deskontuak. Txartela kargatzeko eta txartel anonimoak eskuratzeko aukera Begi Bistanen ere egongo da, Moilaberri Estazioaren atzean dagoen lokalean.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen hitzetan, "urrats garrantzitsua da Zumaiako garraio publikoaren eskaintza hobetzeko eta herritarren mugikortasuna errazteko. Txalupa zerbitzua MUGI sisteman integratzeak erabiltzaileei zerbitzua merkeago erabiltzeko aukera emango die".

Alkateak nabarmendu duenez, "udalaren helburua da Zumaiako mugikortasun aukerak hobetzen jarraitzea eta garraio publikoaren erabilera erraztea. Txalupa zerbitzuak funtzio garrantzitsua betetzen du, bereziki udan, eta MUGI sisteman sartzearekin beste urrats bat eman dugu zerbitzua herritarrentzat irisgarriagoa eta erabilgarriagoa izan dadin".

Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak azken hilabeteetan landu dute zerbitzua Mugi sisteman integratzeko prozesua. Horretarako beharrezko hitzarmena apirilean onartu zuen udalbatzak, eta txalupan Mugi txartelarekin ordaintzeko beharrezko azpiegitura ezarri ondoren jarri dute erabilgarri.