Txartel bakarra, hamaika abantaila

2009/11/09

Zumaiako Merkatarien Elkarteak deskontuak eta opariak eskainiko ditu azaroan zehar. Elkartea ilusioz dagoela eta Gabonetarako ere ekimenak prestatzen ari direla jakinarazi dute.

 

Beste behin ere, Zumaiako Merkatarien Zumaia Elkartea promozio berriekin dator. Euren saltokietan erosketak egiten dituzten zumaiarrei esker ona erakustea izango du helburu egitasmoak eta hilabete honetan gauzatuko da.

Batetik, 50, 20, 10 eta 5 euroko deskontuko baleak eskainiko dituzte. Baleak egunero zozketatuko dira, elkarteko txartelarekin erosketa egitearekin batera. Horrek aurrezteko balioko dio erosleari, izan ere, hileroko saldoan gehituko zaio balearen kantitatea.

Bestetik, erosketak egiteko 200 karro oparituko dira bezeroen artean. Ekimen honekin plastikozko boltsak ordezkatzeko kanpainan bultzada egin nahi du Zumaia Elkarteak eta erosleak karroak erabiltzera animatu nahi ditu. Oparituko dituzten karroak tolestagarriak eta oso praktikoak dira, toki gutxi okupatzen baitute.

Karrotxoak azaroaren 15a bitartean elkarteko txartelarekin erosketak egiten dituztenen artean zozketatu eta banatuko dira. Horrez gain, 50 unitate gordeta dituzte elkarteko bazkide egin nahi dutenei oparitzeko. Bazkide egiteko Zumaia Elkarteko kide diren saltokietara joan eta izena eman beharko da.

 

Kanariar Uharteetara bidaia

Hori gutxi balitz, Kanariar Uharteetara joateko bidaia bat ere zozketatuko dute hilaren 15ean. Bi lagunentzako hegazkineko biletea eta lau izarretako hotel batean aste osoko egonaldia eskainiko da eta datorren urteko lehen hirulhilabetekorako izango da. Azaroan zehar elkarteko txartelarekin erosketak egin dituztenen artean zozketatuko da bidaia.

 

Gabonetarako ekimenak prestatzen

Elkartea gogotsu eta ilusioz gainezka dagoela jakinarazi dute. Dagoeneko hasita daude Gabonetarako promozio eta eskaintza berriak prestatzen.