Txatarreria Keaton taldearen ikuskizunaren ostean, atsedenaldia hartuko du Musika Jaialdiak
Buster Keatonen hiru laburmetraiei soinu-banda zuzenean inprobisatuz jarri ondoren beste hiru pieza labur jo zituzten atzo (osteguna) Aita Mari zineman. Gaurkoan, Euskal Jaia dela eta ez da kontzerturik izango. Larunbatean Donostiako Orfeoiaren txanda izango da eta igandean Cartoon Brass metal taldearena
"Zinema ulertzeko era bati omenaldia" egingo ziotela iragarri zuten, eta ez zen gutxiagorako izan. Txatarreria Keaton taldeak ez zien hutsik egin atzo (osteguna) Aita Mari zinemara gerturatutako ehundik gora laguni. Buster Keaton aktore eta zuzendariaren hiru laburmetraia aukeratu eta bakoitzaren soinu-banda zuzenean inprobisatu zuen laukoteak eta gero, beste hiru pieza labur jo zituzten.
Asteburuan kontzertu gehiago
Gaurkoan aldiz Euskal Jaia dela eta ez da kontzerturik izango, baina asteburuan indartsu itzuliko da Musika Jaialdia. Larunbatean hasteko, Orfeoi Donostiarra izango da San Pedro parrokian 21:30ean. J.A. Sainzen zuzendaritzapean G. Faureren 'Requiem' eta 'Cantique de Jean Racine' lanak, J.S. Bachen 'Cantata 140', J. Brahmsen 'Requiem' eta F. Mendelssohnen 'Elias' lanak jorratuko dituzte. Organua G. Rifonek joko du.
Igandean aldiz, Cartoon Brass metal taldeak joko Mari kalean 20:00etatik aurrera, egitarauko karteletan Ondartxo plazan izango zela iragartzen zen arren. Euria egiten badu, San Jose komentuan izango da.



