Txatarreria Keaton taldearen kontzertua Aita Mari zinemara pasatu da
Zumaiako 25. Musika Jaialdiaren barnean, Ondartxo plazan aurrikusia zegoen zinema eta musika aldi berean lantzen dituen taldearen ikuskizuna. Hala ere, eguraldi kontuak direla-eta bertan behera geratzea ekiditeko, aterpera pasatzea erabaki dute antolatzaileek. Kontzertua 22:30ean hasiko da
Txatarreria Keaton taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dugu 22:30etik aurrera, baina ez da Ondartxo Plazan izango. Eguraldi kontuen ondorioz kontzerturik gabe ez geratzeko helburuarekin, ikuskizuna Aita Mari zinemara pasatzea erabaki du antolakuntzak.
Eta ondo dagokion lekua da. Taldeak berak dioen bezala, zinema ulertzeko era bati omenaldi apala da kideek egiten dutena. Buster Keatonek interpretatutako eta zuzendutako filmen hautaketa baten emanaldi batez, antzineko usadioen arabera gau-bilera eder bat pasatzera gonbidatzen du taldeak. Arturo Blascok, Nika Bitchiashvilik, Alex Ruiz de Azuak eta Bingen Mendizabalek zuzenean inprobisatzen dute 20. hamarkadako urte zoroetan errealizatutako filmen hautaketa baten soinu-banda.
Garnati Minstrels izan zen atzo
Alejandro Gomez (tronpeta naturala), Victor Lopez (sakabutxea), Juan Pablo Gomez (organo positiboa) eta Jose Luis Lopez-Mingo perkusionista barrokoak osatutako taldeak 'V.I.T.R.I.O.L.' diska aurkeztu zuen San Jose komentuan. Aurreko kontzertutan baino ikus-entzule gutxiago izan zen bertan, baina gerturatu zirenek oso musika berezia entzuteko aukera izan zuten.



