Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetako urbanizazio lanak egiteko diru-laguntzak onartu ditu Espainiako Gobernuak
Bi kaleak urbanizatzeaz gain, moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokituko du Udalak.
Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetako urbanizazio lanak egiteko Zumaiako Udalak eskatutako diru-laguntzak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Gaur jakinarazi zaio Udalari notifikazioa eta hala, onartuta gelditu dira hainbat urbanizazio-lan aurrera ateratzeko 983.669 euroak.
Diru-laguntza hauekin hainbat lan egingo ditu Udalak moilaberriko zubian, Txomin Agirre kaian eta Mendaro Marinela kalean. Garraiobide jasangarria eta herrian batetik bestera joateko oinezkoen mugikortasuna. Bi ezaugarri horiek ditu funtsean proiektu horretara bidean, urbanizatu egingo dira Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinela kalea. Horrekin batera, moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokituko da eta Txomin Agirre kaleko ordenazioa aldatzeaz gain, bidegorri berria egokituko da Mendaro Marinelan. Ildo beretik, Udalak Mugi zerbitzuan zenbait inbertsio egiteko ere erabiliko ditu laguntza hauek.
Diru-laguntzak onartuta, Udalak urgentziazko prozeduraz esleituko ditu orain lanak, urtea bukatu baino lehen amaituta egon daitezen.
Proiektu honi buruzko informazio gehiago otsaileko Zumaia Zu aldizkarian.



