Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetan hiritartze egitasmo berria bultzatuko du Udalak
Moilaberriko zubia ere irisgarritasun irizpideetara egokituko da. "Garraiobide jasangarria eta herrian batetik bestera joateko oinezkoen mugikortasuna" izango dira proiektu berriaren ezaugarri nagusiak.
Zumaiako Udalak hiritartze proiektu berri bat du esku-artean. Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleak hiritartzea izango du egitasmoak helburu eta ildo beretik, bien lotunea den moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokitzea. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi duenez, “proiektu berri honen baitan, udal gobernuaren helburuak eta herritarren parte-hartze bideetatik eratorritako proposamenak uztartu ahal izan ditugu. Garraiobide jasangarria eta herrian batetik bestera joateko oinezkoen mugikortasuna bermatzea izango dira proiektu berriaren helburu nagusiak”. Espainiako Gobernuak eskainiko dituen diru-laguntzen bidez finantzatuko da eta bide horretan, 983.669 euro izango ditu Zumaiak.
Alde batetik, moilaberriko zubiaren irisgarritasuna hobetzeko esku-hartzea gauzatuko da. Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, “zubi honek ez ditu irisgarritasun irizpideak betetzen, eta herritarrek ere hainbat eskari egin izan dituzte horren harira”. Irisgarritasun irizpideetara egokitzeko, zubiaren malda txikitu eta albo banatara ranpa zabalak eraikiko zaizkio.
Irudian, proiektuaren dimentsioa azaltzen duen planoa.
Gernika parkeranzko maldak jarraipena emango dio tren geltoki zaharraren aurreko enparantzari. Izan ere, plaza horren egokitzapena ere aurreikusten du proiektuak. Etxanizek azaldu duenez, “geltoki zaharraren eraikinari sarbide irisgarria egingo zaio eta plaza erabilpen publikorako egokituko da: eserlekuak jarriko dira eta Gernika parkeko komun publikoa ere bertara ekarriko da”.
Bidegorri berria Mendaro Marinelan
Ildo beretik, bidegorri berria egingo da Mendaro Marinela kalean eta ordenazioa aldatuko da, espaloiak zabalduz. Bidegorri horrek, Basadi kaletik datorrena, Gernika parkekoarekin eta Paolpuntara doan bidegorriarekin uztartuko du.
Horrekin batera, Txomin Agirre kalearen ordenazioa aldatu egingo da. “Egun, bizikleten, oinezkoen eta autoen pasabideak ez daude behar bezala desberdinduta, eta toki askotan gurutzatzen dira, arrisku egoerak sortuz”. Ordenazio berriarekin, kai aldean kokatuko dira oinezkoen pasealekua eta bidegorria eta errepide alboan ezarriko dira aparkalekuak.
Mugi zerbitzua indartu egingo da
Espainiako Gobernuak aurten bideratuko dituen diru-laguntzek hornikuntzarako zenbait gastu ere aurreikusten dituzte, baldin eta eraikuntza proiektua material horniketa horrekin lotuta badago. Ildo horretatik, Mugi zerbitzuan zenbait inbertsio egingo ditu Udalak. Orain artean, mailegu zerbitzuko bizikletak alokairuan zituen Udalak eta laguntza hauen bidez, bizikletak erosi egingo ditu Udalak, alokairuaren gastuak ekidinez.
Gaur bertan aurkeztuko du Udalak proiektua Espainiko Gobernuaren delegaritzan eta hogei egunera jasoko da erantzuna. Proiektua onartu ondoren, hilabeteko epea izango da obra abian jartzeko. Espainiako Gobernuak, oraingoz, 983.669 euro erabilgarri ditu Zumaiarako. Urgentziazko prozedura erabiliko du Udalak lan hauek egikaritzeko, obra guztia urtea bukatu baino lehen amaitu beharko baita.



