Txomin Agirre kaiko asfaltatze-lanek iraun bitartean ezingo da autorik aparkatu eremu horretan

2010/08/24

Irailaren 13rako amaituta behar dute lanek, Eusko Trenen zein eskoletako autobus zerbitzuek bertara sarbidea izan behar dutelako.

 

Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetako berrurbanizazio lanen baitan, aste honetan bertan ekingo diote langileek Txomin Agirre kaiko asfaltatze-lanei. Horrek zenbait eragozpen sortuko ditu herritarren artean, izan ere, asfaltatze-lanak amaitu bitartean ezin izango da aparkatu Txomin Agirre kaian.

Udaletik jakinarazi dutenez, irailaren 13rako amaituta behar dute lan horiek, Eusko Trenen zein eskoletako autobus zerbitzuek bertara sarbidea izan behar dutelako. Beraz, ordurako asfaltatzea amaituta izatea aurreikusten du Udalak.

Bitarte horretan, Ardantzabiden dagoen aparkalekua edota Saraunekoa erabiltzera gonbidatu nahi ditu herritarrak Udalak. “Ardantzabidetik Alde Zaharrera igotzeko igogailua dagoeneko martxan dago eta eremu hau herriko txoko desberdinetatik hurbil gelditzen da”, azaldu du Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak. Baina horrez gain, Sarauneko aparkalekua ere erabilgarri dagoela gogorarazi du. “200 auto ingururentzako tokia dauka Sarauneko aparkaleku berriak eta eremua are erabilgarriago izateko, Txomin Agirre kaiarekin lotzen duen txalupa zerbitzuaren maiztasuna ere handitu egingo da ahal den neurrian, beti ere marea biziek sortzen dituzten aldaketak kontuan izanda”.

Hirigintza zinegotziak aipatu duenez, “obra guztiek ekartzen dituzte unean uneko eragozpenak, baina exekuzio honek ere amaitu ondorenean onurak ekarriko dizkio herriari”. Urbanizazio proiektu honen baitan hainbat lan egingo ditu Udalak moilaberriko zubian, Txomin Agirre kaian eta Mendaro Marinela kalean. Izan ere, urbanizatu egingo dira Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinela kalea. Horrekin batera, moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokituko da eta Txomin Agirre kaleko ordenazioa aldatzeaz gain, bidegorri berria egokituko da Mendaro Marinelan.