TXU-TXU TRENAK ZUMAIAKO KALEAK ZEHARKATUKO DITU LARUNBATETIK AURRERA
Zerbitzu hori martxan egongo da abuztu amaiera arte eta helburu du herritarren eta bisitarien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu eta bermatzea. Bidaien maiztasuna ordu erdikoa izango da eta tiketak 0.50€tan egongo dira salgai. 12 urtetik beherako haurrentzat eta 65 urtetik gorako lagunentzat doan izango da.
Uda sasoia aurrera doa eta uztailari hasiera emateko, udako trena edo guztiontzat ezagunagoa den “tren txu-txua” jarriko du martxan larunbatean Udalak.
Tren zerbitzu hori iaz berreskuratu zuen eta helburu du zumaiarren zein bisitarien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea herrian zehar. Horiek horrela, Udaletik azaldu dute zerbitzu hori ezinduentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokituta dagoela, esan bezala, guztien mugikortasun zein irisgarritasuna bermatzeko.
Txu-txuak Zumaiako kaleak zeharkatuko ditu, astelehenetik igandera, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 ordutegian. Guztira 4 geldiune izango dituen ibilbidea egingo du: Aitzuri pilotalekutik aterako da eta jarraian, Urola Enparantzan, Arbustainen (autobusak biratzen duen lekuan) eta Txomin Agirreko autobus geltokian egingo ditu geldiuneak. Bertatik berriro Aitzurira itzuliko da.
Aurten, udako txalupa zerbitzuarekin egin bezala, herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitu eta, bide batez, erdiguneko trafiko gaindosia saihesteko ere, Udalak zerbitzuaren maiztasuna areagotu du. Horiek horrela, joan etorriak ordu erdiro egingo dira.
Alde batetik bestera trenean mugitu ahal izateko sarrerak aurretik erosi beharko dira. Horien prezioa 0´50 eurokoa izango da eta 12 urtetik beherako haurrek eta 65 urtetik gorako pertsonek doan ibiltzeko aukera izango dute. Sarrerak Aitzuri pilotalekuko tabernan (uztailaren 3tik 17ra itxita oporraldiagatik), turismo bulegoan, Agurtzane okindegian eta Maiaurren egongo dira salgai, baita abuztuan Amaia plazan irekitzen den informazio puntuan ere.



