Uda ondoren hasiko dira Moilaberriko zubiaren lanekin
Ordura bitartean, Mendaro Marinela eta Txomin Agirre kaiko lanekin jarraituko dute. Urtea amaitu baino lehen bukatu behar dira lanak finantziazioa bermatu ahal izateko.
Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetako berrurbanizio lanak bide onetik doazela jakitera eman dute Udaleko teknikariek. Obra bost hilabeteko epean amaituta izatea aurreikusten dute eta hala, abendua erdialderako urbanizazio berria egina egongo dela gaineratu dute.
Urtea bukatu baino lehen amaitu behar
Lanek 715.032,26 euroko aurrekontua dute (BEZa barne) eta urtea bukatu baino lehen amaitu beharko dira, finantziazio lortu nahi bada. Izan ere, exekuzio hau, Espainiko gobernuak krisiari aurre egiteko bideratutako diru-laguntzen bidez finantzatuko da.
Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak nabarmendu duenez, uda ondoren hasiko dira Moilaberriko zubia zabaltzeko lanak. “Exekuzio horrek aldaketa ugari eragingo ditu eta Moilaberriko zubia oinezkoen pasabide garrantzitsua denez, uda ondoren hasiko ditugu horko lanak”. Ordura bitartean, Mendaro Marinela eta Txomin Agirre kaiko lanekin jarraituko dute. “Bi kaleetan ordenazioa berrituko da, urbanizatu egingo dira kaleak eta argiteria berrituko da, jasangarritasun irizpideetara egokitzeko. Horrekin batera, tren geltoki zaharraren aurreko plazatxoa ere urbanizatu egingo dugu”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.



