Udaberriko oporraldirako eskaintza berezia prestatu dute Gazteguneak eta Ludotekak

2026/03/09

Iruñeko Salting parkera egingo dute irteera bi zerbitzuetako haurrek apirilaren 9an. Zerbitzu bakoitzak bere kabuz ere eskaintza antolatu du udaberriko oporraldirako. Jarduera horietarako izen ematea zabalik dago dagoeneko.

Haur eta nerabeentzat udaberriko oporraldirako eskaintza berezia antolatu dute beste urte batez hezkuntza ez formaleko hezitzaileek, Ludotekak eta Gazteguneak. Elkarlanean irteera bat antolatu dute, Iruñeko Saltingera (apirilaren 9an), haur eta nerabeak elkarrekin harremandu, eta zerbitzuak ezagutaraztearekin batera.

> Apirilak 9 (osteguna) | Salting parkea (Iruñea)

  • Jarduera: Egun pasa Iruñeko Salting parkera.
  • Nori zuzenduta dago? Ludotekako LH4-6 bitarteko haurrei eta Gazteguneko nerabeei zuzendutako jarduera.
  • Prezioa: Gaztegunea 9 euro / Ludoteka 10 euro (ekintza eta bidaia barne).
  • Izen-emateak: Gazteguneko kideentzat izen-ematea zabalik dago, martxoaren 13ra arte. Ludotekako haurren kasuan martxoaren 16tik 23ra bitartean eman beharko dute izena.

Zerbitzu bakoitzak bere aldetik ere eskaintza berezia izango du. Hona hemen Ludotekan antolatu dituzten ekintzak:

> Apirilak 8 (asteazkena) | Mirandaola burdinola (Legazpi)

  • Jarduera: Mirandaola burdinolara bisita.
  • Nori zuzenduta dago? Ludotekako LH1-3 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera.
  • Prezioa: 9 euro (ekintza eta bidaia barne).
  • Izen-emateak: martxoaren 16tik 23ra.

Udaberriko oporraldiaren aurretik, martxoaren 15ean, igandea, LH 1-6 arteko haurrentzako ekintza izango da Ludotekan. 17:00etatik 19:30era elkartuko dira, eta Familia giroan egitasmoaren barruan, familien arteko jolasak egingo dituzte. Parte hartzeko izena eman beharko da Ludotekan.

Gazteguneko nerabeek ere edukiko dute zeregina udaberriko oporretan:

> Apirilak 1 (asteazkena) | Zirkuola (Aduna)

  • Jarduera: Zirkuola arte eszeniko eta zirku tailerrera irteera.
  • Nori zuzenduta dago? Gazteguneko nerabeei zuzendutako jarduera.
  • Prezioa: 10 euro (ekintza eta bidaia barne).
  • Izen-emateak: zabalik, martxoaren 13ra bitarte, Gaztegunean bertan edo WhatsApp bidez.

> Apirilak 8 (asteazkena) | Paintball-a (Zubieta)

  • Jarduera: irteera Zubietako paintball-era.
  • Nori zuzenduta dago? Gazteguneko nerabeei zuzendutako jarduera.
  • Prezioa: 11 euro (ekintza eta bidaia barne).
  • Izen-emateak: zabalik, martxoaren 13ra bitarte, Gaztegunean bertan edo WhatsApp bidez.

OHARRAK:

  • Herritik kanpo egingo ditutzen txangoen kasuan 24 parte hartzaileko muga egongo da. Kopuru horretatik gorako izen ematea dagoen kasuetan zozketa bidez banatuko dituzte plazak.
  • Gazteguneko irteeren kasuan, nahi adina irteeretan izena eman ahal izango dute nerabeek, baina lehentasuna markatzea beharrezkoa da.
  • Irteerak egun osokoak dira, 9:00-10:00 ingurutik 17:00-18:00 aldera artekoak.
  • Ohiko irekiera dagoen egunetan, goizez eskainiko da zerbitzua, 10:30etik 14:00etara bitartean.

Txango horiez gain, bestelako jarduerak ere izango dira Gaztegunean: futbol txapelketa, santelmoetako apaingarri tailerra, zumba saioa edota altxorraren bila.