Udako kirol ikastaroetan izena emateko epea ekainaren 8an irekiko da

2015/06/05

Aurten, helduentzako hainbat ikastaro irailean ere emango dira; ikastaro berrian ere jarriko dira abian

Uda garaiko kirol ikastaroetarako proposamen zabala prestatu dute Kirol Patronatuak eta herriko hainbat elkartek. Aurten, kiroldegiko eskaintzari dagokionez, ohiko ikastaroez gain hainbat ikastaro berri ere prestatu dira.

Haurrei zuzendutako eskaintzari dagokionez, multikirol ikastaroa eskainiko da ohikoez gain. Ikastaro horretan, haurrek jolas eta joku bidez kirol desberdinak egiteko aukera izango du. Tartean, garrantzia emango zaio joku tradizionalei. Helburua, kirola eta jolasa uztartuz haur eta gaztetxoen garapen integrala sustatzea da.

 

Helduei zuzendutako ikastaroei dagokionez, hainbat ikastaro irailean ere egiteko aukera izango da. Horrela, erabiltzaileek egindako eskaerei erantzun nahi zaie. Horretaz gain, ordea, uztail bukaeran eta abuztuan egiten diren itsas trabesietarako prestatzeko igeriketa entrenamenduak egiteko aukera izango da. Astelehen eta asteazkenetan izango dira saioak, eta trabesietarako entrenatzeaz gain, teknika hobetzeko aukera eskainiko da. Izen ematen dutenen artean erabakiko da ikastaroaren ordutegia.

 

Elkarteen ikastaro eskaintza

Herriko elkarteek ere antolatu dituzte ikastaroak uda garairako. Arrauna, piragua, mendiko bizikleta, surf , bodiboard eta padel-surf ikastaroan eskainiko dituzte aurtengoan.

 

Surfeko ikastaroetan izena eman nahi dutenek 638 675 558 telefonora deitu beharko dute. Beste ikastaro guztietako izen emateak kiroldegian egingo dira ekainaren 8tik ikastaroak hasi baino astebete lehenagora arte.