Udal adierazpena, Martxoaren 8a dela-eta

2026/03/05

Osoko bilkurak aho batez onartutako adierazpenean, Zumaiako Udalak herritarrei dei egiten die Mugimendu Feministak igandean antolatutako mobilizazioan parte hartzera. Horrez gain, Udalak konpromisoa hartu du, besteak beste, berdintasun-politikek aurrera jarrai dezaten baliabideak eta egiturak zaindu, babestu eta indartzeko.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Azken urteotan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala ukatzen duten, indarkeria matxista zalantzan jartzen duten eta feminismoa mehatxu bat balitz bezala gutxiesten duten diskurtsoen aurrerapen kezkagarri bat ikusten dugu komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu are eta kezkagarriagoan, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.
Izan ere, nola esan daiteke feminismoa urrunegi joan dela oraindik ere soldata-arrakala, sektore feminizatuen prekarizazioa edota erailketa matxistak pairatzen ditugunean? Horrek erakusten du desberdintasunak eta egiturazko botere-harremanak desagerrarazteko borrokon jarraitu behar dugula.

Horregatik, gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko.
Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu feministaren aurkako jarreren goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute. Feminismoaren aurkako diskurtsoak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, Mugimendu Feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Feminismoa defendatzea berdintasun-politiken zentraltasuna bermatzea eta beharrezko baliabideez hornitzea ere bada. Emakumeek eta disidentziek beren segurtasuna, autonomia edo gizartean duten erabateko parte-hartzea zalantzan jartzen ez dela bermatzea. Horregatik, berretsi nahi dugu eskubideen defentsan, indarkeria matxista mota guztiak desagerraraztearekin eta negazionismoaren aurrean atzera egiten ez duten eta autoritarismoaren aurrean amore ematen ez duten politika publikoen defentsarekin dugun konpromisoa.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela askatasunik.

Martxoaren 8an, Zumaiako Udalak dei egiten die herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Zumaiako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Baliabideak eta egiturak zaintzea, babestea eta indartzea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
  • Indarkeria matxista desagerrarazteko bideak jorratzea eta hau pairatu duten emakumeei behar duten laguntza eskaintzea.
  • Berdintasun-planaren bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egiten eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
  • Hezkidetza-mahaia sustatzea eta indartzea, berdintasunean hezten duen herria izateko.
  • Aliantzak eta lankidetzak sustatzea Mugimendu Feminista edota tokiko beste eragileekin, berdintasunezko gizarte parekidea lortzeko bideak jorratzen segitzeko, eta bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan feminismoaren aurkako jarrerak eteteko.

Horretaz gain, Zumaiako Udalak dei egiten die herritarrei bat egin dezaten Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Mugimendu Feministak herrian antolatu dituen ekimen eta mobilizazioak babestu eta deialdi horietan parte hartzera.