Udal Gobernuak 2012ko aurrekontuetako irizpideak azaldu dizkie herritarrei
Egoera ekonomiko zail honetan, udalei ere aurreztea dagokie, eta Zumaiako Udalak ere horrela egingo du, baina behar gehiena dutenei ez zaie murrizketarik egingo.
Mundu mailako krisi egoera honetan, Zumaiako Udala ez da isla isolatu bat izan, eta egoeraren ondorioak ere pairatzen ditu. Ondorio horiek diru sarreren murrizketetan islatzen dira, batez ere; hau da, Udalak ohi baino diru gutxiago izatea gastatzeko. Horrela, adibidez, Foru Aldundiak urtero udalari ematen dion diru kopurua (gutxi gorabehera Zumaiako Udalaren aurrekontuaren %50), 2012an %7 jaitsiko dela aurreikusten da.
Zumaiako Udalak berak zorrik ez du, egoera onean dago, baina krisiak gogor astindu du Zumaiako Udalarena den Zumaia Lantzen Sozietate Anonimoa, batez ere, eraikuntzaren alorrean izandako beheraldiak. Eta ez dauka behar bezalako diru likideziarik. Horregatik, sozietate horren egoera aurrekontuetan islatuko da, nahi eta nahi ez.
Testuinguru horretan, garbi dago Udalak ere aurreztu beharra duela. Horretarako, honako irizpide nagusi hauek jarraitu ditu Udal Gobernuak, aurrekontuen zirriborroa egiteko momentuan:
- Gizarte zerbitzuen arloan murrizketa ZERO. Krisi garai honetan gehien behar dutenei laguntzen jarraitzeko asmo irmoa du Udal Gobernuak.
- Gastu arruntaren murrizketa handia (hasieran, helburua izan zen murrizketa % 10ekoa izatea). Hori lortzeko, Udalak kontratatuta dituen zerbitzuen baldintzak aztertzea eta berriz negoziatzea da bide nagusia.
- Lan baldintza onak mantentzeko asmoz, 2010etik onartzeko zegoen lanpostuen balorazioa onartuko da.
- Inbertsioak: beharrezkoak direnak bakarrik egitea. Herriaren kalitatea mantentzeko egin beharreko lanak eginez, betiere benetako beharrak lehenetsiz.
Irizpide horiei jarraiki sorturiko aurrekontuen zirriborroa Zumaiako Udalak bultzatutako 'Herri-aurrekontuak 2012' saioetan aurkeztu zen, eta saioetan parte hartu zuten herritarrek horren berri zuzenean izan zuten. Bertan hainbat proposamen eta iritzi jaso ziren, horietako gehienak aurrekontuetan sartzeko modukoak, eta aztertzen ari da Udala horiek nola txertatu proposamenean. Izan ere, herritarren hitzak eta iritziak oso garrantzitsuak baitira Gobernuarentzat, baita aurrekontuak egiteko garaian ere.
Orain lau urte hasitako bideari jarraiki, aurten ere, parte hartzean oinarrituriko aurrekontuak osatzea izan da helburu. "Herritarroi dagokigu proposamenak egin eta erabakiak hartzea eta udalari baliabideak jartzea. Prozesu honek udalari eta herritarrari eskatzen dio ahalegina. Aurtengoan ere bildu ditugu proposamenak eta ondorioak ere esku artean izanik, lehen esan bezala orain horiek aurrekontuetan nola txertatu aztertzea dagokigu", azaldu dute prentsaurrean.
Proposamenen artean hauek izan dira jaso direnetako batzuk: mugi zerbitzuaren berraztertzea, Berdintasun Sailaren aurrekontuaren desproportzioa, Udalaren zorpetze aukera, hirigintzako proposamen zehatzak, azpikontratazio politika aztertzea, lorezaintza zerbitzua murriztea, haur parkeak berritzeko bideratuko den dirua berraztertzea eta etxebizitza hutsen egoerari erantzuna emateko baliabideak abian jartzea.
Erabaki horien berri emateko bilera egingo du Udal Gobernuak herritarrekin. Data zehatza jakinaraziko den arren, urtarrilaren erdi aldera izango dela auarreikusten da.



