Udal Gobernuak bat egingo du biharko deitutako greba orokorrarekin

2026/11/10

Udal langile askok ere grebarekin bat egingo dutenez, ezin izango dira udal zerbitzuak bermatu. Udal Gobernuak egun horretarako deitutako mobilizazioekin bat egiteko dei egin die, bestalde, herritarrei.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko.

Deialdiaren bidez, etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoei aurre egitea, espekulazioari mugak jartzea eta etxebizitza negozioaren gainetik herritarren oinarrizko eskubide gisa aitortzea eskatzen dute. Era berean, langileen bizi-baldintzak eta erosahalmena hobetzeko neurriak aldarrikatzen dituzte.

Zumaiako Udal Gobernuak bat egiten du aldarrikapen horiekin, eta herritarrei jakinarazi nahi die grebaren eraginez udal zerbitzuetan ohiko jarduera bermatzerik ez dagoela.