Udal Gobernuak bat egingo du martxoaren 17ko greba orokorrarekin
Udal langile askok ere grebarekin bat egingo dutenez, egun horretan ezin izango dira udal zerbitzuak bermatu. Udal Gobernuak egun horretarako deitutako mobilizazioekin bat egiteko dei egin die, bestalde, herritarrei.
Zumaiako Udal Gobernuak bat egingo du martxoaren 17rako deitutako greba orokorrarekin, eta herritarrei dei egin die egun horretarako sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egiteko. Udaletxeko langile askok ere bat egingo dute, eta horrek eragina izango du udal zerbitzu askotan. Egun horretan ezin izango dira, beraz, udal zerbitzuak bermatu.
Greba ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitu dute, Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko lelopean. Lan-baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa emateko helburuarekin aterako dira kalera egun horretan. Izan ere, sindikatuen arabera, gobernuek eta patronalak baztertu egin dute soldata Hego Euskal Herrian finkatzeko Herri Ekimen Legegilea, eta beren ustez, beharrezkoa da soldatak Euskal Herriko errealitatera egokitzea. Horrekin batera, ondorengo arrazoiak eman dituzte grebarekin bat egiteko:
- 240.000 langile daudelako Hego Euskal Herrian hilean 1.500 euro gordin baina gutxiago kobratzen dutenak. Batez ere emakumeak, horietako asko gazteak eta baita pertsona migratuak ere.
- Egungo soldatek ez dutelako oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen.
- 140.000 sinaduraren babesarekin, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Propioa ezarri ahal izateko eskumenak eskuratzeko Herri Ekimen Legegilea eztabaidatzeari berari ere uko egin zaiolako EAEko parlamentuan. Nafarroan ez dituzte tramitera ere onartu sinadurak.
- Gutxieneko Soldata Propioa nahiz euskal herritarroi eragiten diguten gainerako beste hainbat erabaki hemen hartu behar direlako.



