Udal Gobernuak bat egingo du urriaren 15eko Palestinaren aldeko lanuzte orokorrarekin
Udal langile askok ere lanuztearekin bat egingo dutenez, 11:00-15:00ak bitartean udal zerbitzuetan aldaketa nabarmenak edo zerbitzu-etenak egongo dira; udal langilek 11:15ean elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.
Zumaiako Udal Gobernuak bat egingo du asteazken honetarako deitutako lanuzte orokorrarekin, eta herritarrei ere dei egiten die Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako ekimen honekin bat egitera. Halaber, dei egiten die zumaiarrei 12:30ean Donostian egingo den manifestazioan eta arratsaldeko 19:30ean Zumaiako Saregileen plazan egingo den burrunbadan parte hartzera.
Udaletxeko langile askok ere lanuztearekin bat egingo dute. Horiek horrela, 11:00-15:00ak bitartean udal zerbitzu askotan eragina nabarmena izango da; tarte horretan ez da udal zerbitzuak emango direnik bermatuko, ezta eraikinak zabalik egongo direnik ere. Langileek 11:15ean udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute.
Urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak izango ditu:
- Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin.
- Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
- Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak.
- Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea.
- Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu.
- Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.



