Udal Gobernuaren adierazpena, Emakumeen Nazioarteko Egunean
Emakumeen Nazioarteko Egunean Udal Gobernuak bat egiten du gaur, martxoak 8, 20:00etan Magnoliopean Urola Kostako Koordinadora Feministak deituta egingo den kontzentrazioarekin, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditu.
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna iritsi zaigun honetan, Zumaiako Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko dugun konpromisoa berresten du.
Aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian; aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia, alegia. Hori horrela, emakumeak aldaketa horren subjektu izan daitezen politika feministak garatzeko konpromisoa ezinbestekoa da.
Zumaiako Udalak bultzatuko duen politika feministak honako hau izango du kontuan:
Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza, egiturazkoa da. Hau da, jendartearen egituraren emaitza da, eta antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoarekin uztartuta dago. Egiturazkoa da, patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean, eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.
Udaletan garatu nahi dugun politika feministak estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, ezinbestean, politika integrala izan behar du, emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako.
Politika feminista emakumeon eskubideetan oinarrituko da. Beste herri eredu baten eraikuntza dugu helburu; hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu.
Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du. Politika horren definizioa mugimendu feminista eta emakume taldeekin egingo da, horien parte hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbideratuko baitu.
Espezifikoki landuko dugu, baina zeharkakotasuna ahaztu gabe. Abian jartzen ari garen proiektua oinarri feministetan egituratuko dugu, eta gure herrian sortzen ditugun politika guztietan ikuspegi feminista kontuan izango dugu.
Bukatzeko, Zumaiako Udalak mugimendu feministak antolatuko dituen ekimen guztietara joateko deia luzatu nahi die herritar guztiei.
Asko dugu egiteko eta asko dugu ikasteko. Politika feminista gure herrian marrazten ari garen aldaketa politiko eta sozialaren izar bihurtu behar dugu.
Bukatzeko, Zumaiako Udalak herritar guztiak animatzen ditu, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera. Eta Zumaiako Udalak bat egiten du gaur, martxoak 8, Urola Kostako Koordinadora Feministak 20:00etan Magnoliopean egingo duen kontzentrazioarekin. Animatu eta bertan elkartuko gara.



