Udal gobernuaren aurrekontu proiektuak udalbatzaren gehiengoaren babesa izango du

2019/02/01

Udal gobernuak abenduan eman zien oposizioko taldeei bere aurrekontu proposamena eta aurrekontuak aurrera aterako dira EH Bilduren 2 proposamen eta PSE-EEren proposamen bat txertatuta. “Ez gaude ados EH Bilduk egindako proposamenekin, baina ez zaigu zentzuzkoa iruditzen 13.000 euroko proposamen batzuek 13 milioitik gorako aurrekontu bat blokeatzea”

Udal gobernuak oposizioari abenduan aurkeztutako aurrekontu proiektuak udalbatzaren gehiengoaren babesa jasoko du hilabete honetan egingo den osoko bilkuran, udal gobernuak EH Bilduk egindako bi ekarpen eta PSE-EEk egindako ekarpen bat onartu ondoren. Esan bezala, oposizioari bere aurrekontu proiektua aurkeztu zion abenduan gobernuak, azalduz, horiek aurrera ateratzeko negoziaketarako borondatea zuela. Izan ere, udal gobernuak kide bat galdu zuenez, ez zeukan ziurtatuta aurrekontuak aurrera ateratzeko aukera.

Horiek horrela, EH Bilduk bi ekarpen aurkeztu dizkio udal gobernuaren aurrekontu proposamenari, bata euskarazko komunikabideei diru-laguntzak handitzekoa eta bestea 2 urteko haurren uztaileko zaintza zerbitzua Udalak zuzenean ematea. Jasotako bi proposamen horiekin ados ez dagoen arren, udal gobernuak onartu egingo ditu, zumaiarrentzat onuragarriak izango diren aurrekontu batzuk aurrera atera daitezen. PSE-EEk, bere aldetik, Estazio auzorako izendun kontu-sail bat sortzeko eskatu zuen. Horiek horrela, udal gobernuak “Hirigintza azterlanak” kontu-sailean Estazio auzoko bidegarritasun plana egiteko jasota zituen 15.000 euro  “Estazio auzoko bidegarritasun plana” izeneko partida berri batera pasa zituen. Horrela, otsailean izango den udalbatzaren osoko bilkuran, 2019ko aurrekontuak onartuko direla iragarri daiteke, konpromiso hori hartu baitute Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PSE-EEak.

Oier Korta alkateak, Marikruz Alvarez ogasun zinegotziak egindako lana eskertu nahi izan du “ez da berria, aurrekontuak prestatzeko urtero egiten baitu lan ikaragarria Marikruzek, baina eskertu beharreko lana dela uste dut, lan gogorra baita. Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere gainerako sailetako zinegotzi eta teknikariei, aurrekontuei egindako ekarpenengatik”.

Baina Korta ez da mugatu eskerrak ematera, EH Bilduk egindako ekarpenen inguruan udal gobernuaren iritzia argi utzi nahi izan du “egia esan ez gaude ados egindako proposamenekin, baina ez zaigu zentzuzkoa iruditzen 13.000 euroko proposamen batzuek 13 milioitik gorako aurrekontu bat blokeatzea eta dagokigun arduraz jokatuta, onartu egingo ditugu” azaldu du.

“Batetik, 2 urteko haurren uztaileko zaintza zerbitzuaren gaia dago. Ez da egia udal gobernu honek zerbitzu hori murriztu duenik, zerbitzua Udalaren finantzazioarekin eta gurasoen inplikazioarekin eman da eta ez ardura guztia Udalaren esku utzita. Izan ere, gurasoak erabaki horietan inplikatzea positiboa dela uste dugu eta inplikazio hori bilatzen dugu baita beste ekimen batzuen bitartez ere, GazteOn programaren bidez, esaterako. Gurasoak seme-alabei eragiten dieten erabakietan inplikatzea positiboa da eta, gainera, seme-alabengan inplikazioa sustatzen du. Haur, nerabe eta gazteetan inplikazio hori sustatzea beharrezkoa dela uste dugu, herritar aktiboak izateko, inplikazioa duten herritarrak. Ez dugu oso ongi ulertzen zergatik EH Bilduk, beste kasu batzuetan autogestioaren aldeko apustua egiten duen eta honetan guztia Udalaren esku uztea ezinbestekoa iruditzen zaion“ jarraitu du Oier Kortak.

“Beste eskaerari dagokionez, arazoa ez da euskarazko hedabideak diruz gehiago edo gutxiago laguntzea, neurrian laguntzea baizik. Uste dugu Zumaiak eskualdeko gainerako herrien maila berean lagundu beharko lukeela eta ez besteek baino gehiago, baita EH Bildu gobernuan daukaten beste udalerri batzuek baino gehiago” argitu du Kortak

“Baina, esan bezala, 13.000 eurok ez dute blokeatuko, gure esku dagoen bitartean behintzat, 13 milioitik gorako aurrekontua. Argi dago,  Zumaia eta zumaiarrentzat aurrekontu onak izango direla,  oposizioak ere ontzat ematen baititu, hiru emendakin horiek baino ez aurkeztuta” amaitu du alkateak.