Udal Gobernuaren erantzuna EAJk Kofradiako muralaz atera duen oharrari

2020/12/07

EAJk gaur arratsaldean Baleike hedabidean argitaratu duen oharrean akusazio larriak egin ditu Udal Gobernuaren aurka, eta zehazki zinegotzi baten kontrako gezurrak zabaldu ditu. Gertaera larri honen aurrean, lehenbailehen errektifikatzeko eskatzen dio EAJri.

Asteburu honetan Kofradian egin duten murala dela-eta EAJk oharra argitaratu du Baleiken. Ohar horretan, zinegotzi bat kanporatzeko eskaera egin dio Udal Gobernuari, murala egiten ari zela esanez. Gezurra da bertan adierazten dena, eta lehenbailehen errektifikatzeko exijitzen diogu EAJri.

Pertsonaz nahastu dira, ez dakigu nahi gabe ala nahita, eta larria deritzogu arinkeriaz eta gezur hori oinarri hartuta argitaratu den oharrari. Lehenbailehen publikoki esandakoa gezurtatu eta zinegotziari barkamena eskatu beharko zenioketela uste dugu. Ezin dira horrelako akusazioak egin gauzak kontrastatu gabe, eta horrek bidegabeki pertsona bat epaitzera eraman du EAJ.

Bestalde, Udal Gobernuak jakinarazi nahi du atzotik martxan dagoela kofradia eraikina lehengoratzeko beharrezko lanen prozedura, eta lan horiek ezinbestean behar duten epearen barruan egingo direla.